Errigorako eskaerak egiteko azken orduak

Guaixe 2019ko aza. 19a, 11:18
Errigorako zareak auzolanean betetzen dira urtero.

Nafarroako hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatzeko epea bihar bukatuko da. Jasotakoaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari laguntzera bideratuko da.

Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainak azken orduak ditu. Eskaerak egiteko epeari dagokionez, behintzat. Kanpainak aurten berritasuna du, ohiko bi produktu zareen ordez hiru eskaintzen baititu: ohiko produktuz betetako saski beltza, produktu ekologikoak biltzen dituen berdea eta aurtengo berrikuntza den txuria. Nafarroa hegoaldeko produktu bikainez osatutako saskiak eskaerak egiteko www.errigora.eus web orria edo herrietako ohiko tokiak baliatu daitezke. 

Nafarroa hegoaldeko ekoizleen eskuetatik eskatzaileen etxetako sukaldetarako bidea auzolanean egiten dute Errigorako zareek. Bertako ekoizpena sustatzeaz aparte, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza laguntzeko modua ere bada Errigorako produktu zareak eskatzea. Izan ere, haien balioaren laurdena eremu horietako euskalgintzari bideratzen zaio. Aurten Nafarroa hegoaldeko AEK, ikastolak eta D ereduko ikastetxeenda bideratzeaz aparte, Agerraldia ekimena martxan jartzeko erabiliko dute dirua. 2013tik dagoeneko ia 1.000.000 euro bideratu ditu Errigorak Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara.