Pilota

Ezkurdia Martijarekin eta Zabaleta Jakarekin

Guaixe 2019ko aza. 20a, 11:36

Atzo aurkeztu zuten Binakako Txapelketa. 8 bikote lehiatuko dira, launa enpresa bakoitzeko. Ostiralean, Azkoitian,  Ezkurdia eta Martijak Altuna III.a eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari (ETB1) eta igandean, Bergaran, Jaka eta Zabaleta Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira (ETB1)

Pilota txapelketa luzeena ostiralean hasiko da, Azkoitian. Eta aurten, gainera, oraindik luzeagoa izango da Binakakoa, final laurdenetako ligaxkaren eta finalerdietako ligaren artean play-offa sartu baitute nobedade moduan, “txapelketari bizitasuna emateko”, antolatzaileen esanetan.

Atzo egin zuten Binakako Txapelketaren aurkezpena, Bilbon. Bertan zeuden hurrengo lau hilabete luzeetan lehiatuko diren 8 bikoak. Zurrumurruak zirenak konfirmatu ziren: Aspetik Ezkurdia-Martija, Erik Jaka-Zabaleta, Altuna III-Ladis Galarza eta Irribarria-Rezusta dira lehiatuko diren bikoteak, eta Baikotik Olaizola II-Urrutikoetxea, Bengoetxea VI-Mariezkurrena, Laso-Albisu eta Artola-Imaz. 

Iaz Rezustarekin batera txapeldun izan zen Danel Elezkano ez da ariko. Aspetik azaldu zuten “kirol irizpideengatik” hartu zutela erabakia, eta gaineratu zuten “zalantza asko” izan zituztela bikoteak osatzeko “soilik 8 pilotariendako tokia dagoelako eta nahiz eta modalitate guztietan txapeldunak izan, aukeratu beharra dagoelako”. Erik Jaren aldeko apustua egin du Aspek. 
Baikoko nobedaderik aipagarriena Mikel Urrutikoetxea atzera ere atzelari jartzearen erabakia izan zen. Olaizola eta Urruti 2016ko txapeldunak izan ziren, eta atzera ere biko honekin apustua egin nahi du Bilboko promotoreak. Andoni Aretxabaleta eta Mikel Larunbe tokirik gabe geratu dira. 

Txapelketari dagokionez, hasieran final-laurdenetako ligaxka jokatuko da, guztira 14 jardunaldi, otsailaren 25era bitartean. Ligaxkako lehen bi bikoteak zuzenera sailkatuko dira finalerdietarako, eta beste biak play-off edo kanporaketa bidez sailkatuko dira; hau da, 3. eta 6. postuetan dauden bikoen arteko partida eta 4. eta 5. postuetan dauden bikoteen artekoa jokatuko dira otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, beste bi finalistak erabakitzeko. Kanporaketa horien bidez aukera gehiago eman nahi dizkiete 3. postutik 6. postura sailkatuko diren bikoteei finalerdietan egoteko. Ondoren finalerdietako ligaxka jokatuko da martxoaren 7tik 22ra, eta azkenik, final handia apirilaren 5ean erabakiko da, Bilboko Bizkaian. 

Sakandarrak pozik
Berriro ere biko sakandar bat izango dugu Binakakoan, baina kasu honetan Ezkurdiak eta Martijak osatutakoa. Pozik zeuden biak. “Bihar hasiko naiz entrenamendu saio txiki batekin. Lau T’erdian tentsio handia izan da eta nekea nabaritzen dut, baina espero dut ostiralerako gorputzari buelta ematea. Oreka handia dago bikoeen artean, eta txapelketa polit bat egitea espero dugu” adierazi zuen Ezkurdiak. Atzean sendo dabilen, lanak ongi egiten dituen eta segurtasuna emango dion Martijaren laguntza izango du aurrelari arbizuarrak. 

Jose Javier Zabaletak Erik Jaka izango du bidaide. Bikote bikaina osatzen dute; Zabaleta egungo atzelaririk onenetakoa da onena ez bada, arerio guztiak dominatzeko gai dena, eta Erik Jaka errematatzaile bikaina da. Lizartzakoa oso pozik zegoen. “Egin dudan lanarengatik iritsi naiz hona, eta orain berdin jarraitzea tokatzen da. Partida on gehiago egin ditut txarrak baino azkenengo urte hauetan, eta hala segitu nahi dut txapelketa honetan ere” adierazi zuen. 

Ezkurdia eta Altuna elkarren kontra ostiralean
Txapelketa asteburuan hasiko da eta Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Jokin Altuna eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari Azkoitian, 22:00etan (ETB1). Altunak finaleko arantza atera nahiko du eta Ezkurdiak, aldiz, txapelketa ongi hasi. Ladisekin askotan jokatu du Amezketakoak eta uste du ongi konponduko direla, eta txapelketan jokatzeko “gogoz” dagoela aitortu zuen. Bestalde, Jose Javier Zabaletak eta Jakak igandean jokatuko dute, Bergaran, Irribarriaren eta Rezustaren kontra (17:00, ETB1). Partida gogorra espero da, bi atzelari onenen arteko lehia. Gainontzeko partidetan, larunbatean Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari Labriten (17:45, ETB1), eta astelehenean, 16:30ean, Tolosan, Artola eta Imaz Lasoren eta Albisuren kontra ariko dira.