Taekwondoa

"Senior mailako Nafarroako Txapelketa irabaztea handia izan da"

Guaixe 2019ko aza. 29a, 10:38

Nafarroako Taekwondo Txapelketako senior mailako txapelketa irabazi zuen Bargagain klubeko urdiaindarrak, 16 urterekin. Abenduaren 6tik 8ra jokatuko den Kluben Arteko Espainiako Txapelketa da hurrengo erronka

Azaroaren 16ean Senior Mailako Nafarroako Taekwondo Txapelketa jokatu zen Castejonen. Sakanako Bargagain klubeko Irati Irigoien Crespo aritu zen bertan, Espainiako Txapelketetan bi domina dituen urdiaindarra. 57 eta 67 kiloen arteko kategorian lehiatu zen, atzera ere ikusgarri,, eta 16 urterekin urrezko domina lortu zuen, horren gazte izanda meritu izugarria. Urrezko domina horri esker, emakumezkoen taldekako txapelketan bigarrena sailkatu zen Bargagain. 

Bestalde, Castejonek ere Nafar Kirol Jolasen Taekwondoko lehen fasea hartu zuen, eta bertan Bargagain talde sakandarreko 17 taekwondo jokalarik hartu zuten parte. Maila bikaina eman zuten guztiek. Esaterako, junior kategoriako luma mailan Aaron Rodriguez lehena izan zen eta euli kategorian Maohamed Essobai lehena; kadete kategoriako 41-44 kiloen mailan Rania Mabchourd hirugarrena sailkatu zen, 44-47 kilotan Ale Hassadi bigarrena eta Asmaa Haiyati hirugarrena, eta 47-51 kilotan  Huda Lachab bigarrena; eta haurren kategoriako 27-30 kilotan Marwan Essobai hirugarrena izan zen eta 30-33 kilotan Hugo Rodriguez laugarrena. 

Orain Espainiako Txapelketa prestatzen
Bargagain klubak 100 ikasle ingururekin ekin dio denboraldiari Altsasun, oso gogotsu, eta ikasle hauei Uharte Arakil eta Olaztiko taldeetako kirolariak gehitu behar zaizkie. Aurreko urteetan bezala, Gerardo Montero Rivera da irakaslea. Une honetan, ohiko entrenamenduez gain, Espainiako Taekwondo Txapelketak prestatzen ari dira Bargagaingo 5 taekwondo jokalari. Espainiako Txapelketa Alacanten jokatuko da abenduaren 6tik 8ra, eta Bargagain klubetik 5 taekwondolari ariko dira: Rania Mabchour eta Leire Etxaniz, haur mailan; Erkuden Moreno, kadete mailan (Espainiako bi domina ditu); eta Ane Gil eta Irati Irigoien (Espainiako bi domina ditu), junior mailan. Irati Irigoienek ere 21 urtez azpiko mailako txapelketan hartuko du parte.

Irati Irigoien: “Nafarroako senior mailako txapelketa irabazteak poztasuna eman dit”

16 urterekin Nafarroako senior mailako txapelketa irabazteak badu meritua Irati.
Bai, senior mailako txapelketa bat nire adinarekin irabazteak uste dut baduela meritua. 30 urte inguruko emakume bat ere bazegoen, beste bat nik baino lau urte gehiago zituena… beraz, ongi dago 16 urterekin irabaztea. Pozik nago. 

Nola joan zen txapelketa?
Bi konbate izan nituen, lehena Berriozarko Maider Villava izeneko neska batekin, nik baino 4 urte gehiago dituena. Konbate berria zen niretzako, normalean nire arerioak ezagunak izaten direlako, ia berberak. Eta nik uste baino errazago irabazi nuen konbate hori. Hurrengo konbatean ezagun bat izan nuen arerio, Berriozarko Alejandra Garcia. Kasu honetan pixka bat justuago ibili nintzen, baina azkenean nahikoa erraztasunarekin irabazi nuen. Egia esan, oso pozik geratu nintzen, azkenean Nafarroan garrantzitsua da senior mailako domina hori irabaztea. 

Eta behar bezala ospatu zenuen?
Egia esan ez nuen asko ospatu, txapelketa garrantzitsuagoak izan baititut. Abenduaren 6tik 8-ra Kluben Arteko Espainiako Txapelketan ariko naiz, junior mailan eta 21 urtez azpiko mailan. Abenduaren 6an, ostiralean, juniorra jokatuko da eta abenduaren 7an, larunbatean, 21 urtez azpikoa. Bi lehiaketa ezberdin dira eta oraingoz niretako garrantzitsuena da juniorren mailakoa, azkenaurreko urtea delako. Hemen aukerak baditut. 21 urtez azpikoa konplikatuago izango da; dominaren bat lortzea poztasun handiz hartuko nuke, baina ez dago batere erraza. Beraz, espektatiba handirik gabe noa 21 urtez azpiko konpetizio honetara. Garrantzitsua da, baina denboraldi honetan oraindik garrantzitsuagoa den beste txapelketa bat jokatuko dut, Espainiako Taekwondo Txapelketa baina ez kluben artekoa, selekzioen artekoa baizik. Bertan Nafarroako selekzioarekin arituko naiz. 

Zortea alde izan dezazula Irati!
Eskerrik asko!