Nola hezi gure seme-alabak, haur eta gaztetxoak? Gure gurasoei askotan entzun izan diegu beraiek guk baino aukera eta baliabide gutxiago izan dituztela bizian aurrera egiteko. Bestalde, gure seme-alabek denetarik dutela, baita etorkizunean gu baino makurrago biziko direla ere (ikusteke dago) aipatzen da.
Gauza da gure seme-alaben multzo zabala Gari montoneko txoriak izan direla edo direla, ez beraiek hala erabaki dutelako, baizik eta egoerak horretara eraman dituelako. Etxean edonolako gauzak eskatu eta emateko adina egon denez, eman egin zaizkie. Nahi adina eskaera bete zaizkie, batez ere, arlo ekonomikoarekin zerikusia dutenak (salbuespenak salbuespen).
Garai txarrak datozenerako, geroz, etorkizuneko belaunaldi hauek bizitzaren egoera kaskarretarako ez daudela hain prestatuak, ez hain zailduak, esanen genuke. Beharrak ez dituelako prestatu, egon diren baldintzek ez dute berez erresistentzia hori garatzen laguntzen.
Sarri entzun dugu “beharrak erakusten du” esaldia, baina beharrik ez dagoenean, haur eta gaztetxo horiek nola ikasiko dute beharrak erakusten duen hori? Nola irakatsiko diegu? Zer gertatzen da bizirako prestakuntza hori bere kabuz ez badator?
Nire ustez, etxetik edota ingurune hurbiletik jasotako heziketak bete behar du hutsune hori, eta horrek gurasoon lana zaildu eta nekezagoa egiten du, ahalegin gehiago egitea eskatzen digu, ezetz gehiago esan behar ditugu, erresistentzia gehiago egin behar da. Eta irudipena dut gurasook sarritan ez garela horren kontziente eta laxo samar jokatzen dugula, mugak lausotuz edota pentsatuz hori eskolak eginen duela edo eskolari dagokiola. Baina, zalantzarik gabe, irakasbide honen ardura helduona da, gurasoona, alegia.