Azaroak 16an pentsiodunek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten. Euren aldarrikapenen artean, 1080 euroko pentsio minimoa eta pentsioen erreformak atzera botatzea zegoen. Aste honetan Hydro Extrusion enpresako langileek 6 lanuzte egun beteko dituzte soldata arrakalarekin amaitzeko asmoz.
Norbaitek bere buruari galdetuko dio zergatik aipatzen ditudan bi borroka hauek. Nere ustez, askotan langileen batasunaz hitz egiten dugunean, klase subjektuaren berrosaketaz hitz egiten dugunean ez dugu asmatzen aurrean ditugun aukerak aprobetxatzen.
HYDRO enpresan eztabaida interesgarria sortu da. 2012 urtean enpresak krisiaren testuingurua aprobetxatuz, kontratazio berrientzat lan baldintza kaxkarragoak inposatu zituen. Ordutik, lanpostu berean egon daitezkeen bi pertsonek soldata ezberdinak izan ditzakete, eta haserrea edatu da enpresan. Haserre horren aurrean eta sua itzali nahian, UGT eta CCOO sindikatuek enpresarekin akordio bat erdietsi dute egiturazko arazoa mantenduz. Honen aurrean langile talde batek sinadura bilketa bat jarri zuen martxan, eta LAB sindikatuak bat egin genuen lanuzteak deituz. Ondorioz, antzinatasuna eta soldata hobeak dituzten langileek bat egin dute antzinatasun gutxiago duten langile prekarioekin.
Badirudi ezer irabaziko ez duten langile batzuk, dena irabazteko duten horiekin borroka batean elkartu direla. Hau ez da guztiz horrela, gaur egun pentsio sistema antolatua dagoen moduan lan munduan sartzen ari den langile prekarioen kotizazioek bermatzen dutelako langile horien pentsioa. Soldata duin baten aldeko borroka, etorkizuneko pentsioen aldeko borroka ere bada. Hau guztia kontutan izanik, urtarrileko grebaren aurrean egonik, borrokak batzen gaituela azpimarratu nahi dut. HYDROko borrokak, langile egonkor eta prekarioak batu ditu, borroka horrek pentsio duin baten alde egiten du, pentsioak beste eskubide batzuk bermatzen ditu, eta hari horri jarraikiz eredu sozial eta ekonomiko justu baten alde indarrak metatzeko aukera paregabea da greba.