Kiroldegia

Emakumeei kirol ezberdinak probatzeko gonbita egin die Mankomunitateak

Guaixe 2019ko aza. 21a, 13:00

Ilbeltzetik aurrera, larunbatetan, volley ball, saskibaloia, eskubaloia, igeriketa, waterpolo, tenis, irristaketa-hockey, badminton… eta kirol gehiagotan probatzeko eta oinarrizko ezagutza lortzeko aukera izango dute ikastaroan izena ematen duten emakumeek

Egun dagoen kirol eskaintza aparta da. Zenbaezinak dira eskura ditugun kirolak. Baina, sarritan, emakume gazte eta helduei kosta egiten zaie kiroletan hastea, Sakanan dauden kirola eskola asko adin txikikoendako bideratuak daudelako. Muga hori gainditu nahian, Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren eta Altsasuko Udalaren laguntzarekin “emakumeei zuzendutako kiroletan hasteko ikastaroa” antolatu du. Helburua da kirol desberdinen oinarrizko ezagutza lortzea eta kirol ezberdinak praktikatzea.

Horrela, ilbeltzetik maiatzera bitarteko larunbatetan, goizeko 11:00etatik 12:30era, eta Maalen Beraza Etxarri monitorearen laguntzarekin, hainbat kiroletan probatzeko aukera izango dute ikastaroan izena ematen duten emakumeek: volley ball, saskibaloia, eskubaloia, igeriketa-waterpolo, tenis, irristaketa-hockey, badminton… eta beste hainbat. Kirol bakoitzeko oinarrizko ezagutza lortzea eta praktikatzea da asmoa. Ikastaroa Altsasun gauzatuko da. 

Izena ematea zabalik abenduaren 10 arte
2003an edo lehenago jaiotako emakumeek eman dezakete izena ikastaroan, abenduaren 10a baino lehen, Sakanako Mankomunitatean (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866). Prezioa: 40 euro ikastaro osoa (Laboral Kutxako ondoko kontuan egin behar da sarrera: 3035 0116 93 1160003328). Izena-ematea taldea bete ahala itxiko da.