Velma eta Cris askatasunerako bidean

Guaixe 2019ko aza. 21a, 11:29
Velma eta Cris antzezlanaren protagonistak. TDIFERENCIA

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren harira bi emakume protagonistak diren antzezlana izanen da bihar, azaroaren 22an, ostirala, Etxarri Aranazko kultur etxean euskaraz (22:00etan) eta Olaztiko kultur etxean gaztelaniaz (22:30ean)

Velma eta Cris igandetako arratsalde batean etxean goxo telebista ikusten ari diren edozein bi emakume izan daitezke. Ez dira heroiak, bizirik dirautenak baizik. Emakumez osatutako familia bateko emakumeak dira. Bizitzari aurre gin diote, eta askatasunaren bila dabiltzate. Tdiferencia konpainiaren Velma eta Cris. Kokoteraino! (Velma y Cris. ¡Hasta el moño! gaztelaniaz) antzezlanaren sinopsia da eta bihar, azaroaren 22an, ostirala, Sakanako bi herrietan ikusteko aukera egongo da: Etxarri Aranazko kultur etxean euskarazko bertsioan, 22:00etan, eta Olaztiko kultur etxean gaztelaniazko bertsioan, 22:30ean. Sarrerak salgai daude Etxarri Aranazko udalaren web orrian eta egunean bertan leihatilan 6 eurotan eta Olaztiko udalaren web orrian (6 euro) eta kultur etxearen leihatila (8 euro).

Azaroaren 25ean, astelehenean, ospatuko den Emakumeenganako indariaren aurkako eguneraren harira antolatu dute emanaldia, Sakanan egunotan eginen diren hamaika ekitaldiekin batera.

Haurrendako eskaintza
Olaztiko kultur gunean, igandean, El Cau de l'Unicorn konpainiaren Akäshia, el viaje de la luz ikuskizuna izanen da haurrendako eta familiendako. Ikuskizun musikala da txontxongilo erraldoiekin egiten dena. Emanaldia igandean, azaroaren 24an, izanen da, 17:00etan, Olaztiko kultur etxean eta sarrerek 3 euroko prezioa dute.