Ziklo-Krosa

Aimar Tadeo txapeldun Madrilen eta Nahia Imaz Amorebietan

Guaixe 2019ko aza. 22a, 09:30

Larunbatean Madrilgo Alapardoko XV. Ziklo-krosa irabazi zuen kadete mailako Sakana Group-Aralar taldeko lakuntzarrak. Igandean Nahia Imazek Amorebieta-Etxanoko Ziklo-kroseko emakumezkoen kadeteen proban gailendu zen

Astebururo astebururo ziklo-krosetik berri onak ekartzen dabiltza gure txirrindulariak. Asteburu honetan Madrilen aritu da Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo Arkauz txirrindulari kadete lakuntzarra eta ikusgarri aritu da. Orain arte podiumera igo izan da Aimar baina ez podiumeko gorenera, baina asteburuan lakuntzarra goi-goian ikusteko aukera izan genuen, larunbatean Madrilgo Alapardon jokatutako XV. Ziklo-krosa irabazi baitzuen, kadete mailan. Guztira 9 km gorabeheratsu osatu behar izan zituzten txirrindulariek eta Aimar Tadeo azkarrena izan zen (26:33), Sergio Quevedo bigarrenari 58 segundo ateraz. Horrela, ziklo-kroseko bere lehen garaipena lortu zuen Tadeok, merezitakoa. 

Aurten abuztuan erorikoa izan zuen Tadeok eta ordutik aurrera ezin izan zuen errepideko lasterketetan parte hartu. Horregatik, ziklo-kros denboraldia gogoz hartu du eta emaitza bikainak lortzen ari da lakuntzarra. Larunbatean Alapardon irabazi eta gero, hurrengo egunean Alcobendaseko VIII. Ziklo-Krosean aritu zen lakuntzarra. Proba Espainiako Koparako baliagarria zenez, txirrindulari onenak lehiatu ziren bertan, eta Alcobendasko zirkuituari 4 itzuli eman behar izan zizkioten kadeteek. Equip Ciclista Moixent taldeko Pau Marti izan zen azkarrena (32:51) eta Aimar Tadeo 12.a sailkatu zen (34:16). 

Nahia Imaz txapelduna eta Mikel Unzilla bigarrena Amorebieta-Etxanon
Igandean Amorebieta-Etxanoko Ziklo-krosa jokatu zen, eta atzera ere oso ongi ibili ziren gureak. Jauregibarria zelaietan 2,800 km-ko ibilbide ederra prestatu zuen antolakuntzak, zailtasun eta lohiez betetakoa. Kadeteen mailan 3 itzuli egin zioten ibilbideari eta Gaursa Renault taldeko Unax Salterainekin lehia oso estua izan zuen Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncillak; azkenean biak batera iritsi ziren helmugara eta esprint estuan ehuneneko oso gutxirengatik Salterain nagusitu zen (27:51.210). Uncillak 0.549 ehuneneko gehiago behar izan zituen (27:51.759). Bere taldekide Mikel Regil 17.a sailkatu zen, 2:32ra, eta Sakana Group-Aralar taldeko Aritz Oiarbide 21.a, 3:43ra. 

Eta emakumezkoen kadete mailan podiumaren gorenera igo zen Nafarroa-Ermitagaña taldean dabilen Nahia Imaz Perez altsasuarra (34:06), primerako lasterketa egin eta Txorierriko Nesken Taldeko Izari Fernandezi minutu eta 26 segundo aterata. Beraz, ziklo-kroseko lehen garaipena ondu du altsasuarrak.

Junior mailan 5 itzuli egin behar izan zituzten txirrindulariek eta Ulmako Aimar Erostarbe izan zen azkarrena (45:22). Quesos Albenizko Iker Mintegi 24.a sailkatu zen, Sakana Group-Aralarko Jon Erdozia 30.a, Quesos Albenizko Oihan Etxeberria 38.a eta bere taldekide Jon Chamorro 45.a

Asteburu honetan Garain eta Beasaingo ziklo-kros lasterketak jokatuko dira.