Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur: ZUT

Guaixe 2019ko aza. 21a, 16:33

“Kalitatea, eduki bertikalak eta ikus-entzunezkoak. Horiek izango dira ZUT aplikazioaren hiru zutabeak. ZUT aldizkari digitala eskuko telefonoetan kontsumituko den proiektua da. Doako aplikazio bat da, edukiak atalka aurkeztuko dituena”. 

ZUT. Edo, tente. Edo zutik. Edo zuzen. Hori guztia esan nahi du zut hitzak. Baina gaurdanik gazteei zuzendutako aldizkari digital bat ere bada. “Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra ZUTik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe”, azaldu du Josu Bilbao Goienako kazetariak gaur, aurreneko zenbakiaren aurkezpenean. Aldizkari digitala aurkeztu aurretik sustatzaileak gazteekin elkartu dira, prototipoa erakutsi eta haien ekarpenak jasotzeko, “edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko. Gazteek gazteentzat eginikoa” da. 

Hamabostean behin eduki berriak doan eskuragarri izango dituzte gazteek, eta baita aurretik eskainitakoak behin eta berriz erreproduzitzeko aukera ere. Euskara hutsean izango da, erabat berritzailea. “Euskal Herrian ez da horrelakok proiekturik ezagutzen”. Ikus-entzunezkoak eta sare sozialak –Instagram, Tik-Tok– izanen dira aplikazioaren ezinbesteko aliatuak: testu gutxi eta irudi eta bideo asko. “Interakzioa bilatzen dugu. Gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; kontsumitzaile aktiboak izatea nahi dugu. Haiek izango dira aldizkariaren protagonistak. Eduki bertikalen aldeko apustua egin dugu. Produktu osoa mugikorretan modu bertikalean kontsumitzeko prestatuta egongo da”, esan gu Gaztezulo aldizkariko zuzendari Gaizka Izagirrek. 

Izagirrek eta Bilbaok azaldu dutenez, gazteak hartzaile-xede izanik, ikus-entzunezkoa oinarri duen produktu multimedia bat da ZUT. “Aplikazio hutsa baino gehiago izanen da: gazteak protagonista bilakatzea nahi dugun produktua izango baita, eta haien parte hartzea ezinbestekoa izanen da. Sare sozialak gure eskutik joanen dira une oro, gazteen hizkuntza- teknologikora egokitzea izanen baita apustu sendoena. Eduki gehigarriak sortuko ditugu sare sozialen bidez, erronken bidez eta euren parte hartzearen bitartez”. Beitu!-ren garapena da, jarraipena; izan ere, orain bi urte sortu zen hedabide digital horrek gaur egungo gazteen kontsumo ohiturei egokitzeko ahalegina egingo du. “ZUTen bidez ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa eginen dugu, eta Beitu!-n, aldiz, ohiko mezu bidalketa sistemaren bitartez, testuz lagunduta doazen eduki sakonagoak jorratzen jarraituko dugu”. Proiektu beretik eta helburu berarekin jaio diren bi adar: euskal gazteak euskarazko edukiak kontsumitzeko joera berreskuratzea. 

Ixa-Serie aplikazioa 
“Euskal Herriko lehen serie aplikazioa ZUTen bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko. Berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena”, azaldu du  Izagirrek. Aurkezpenean IXA lantaldekoak izan dira, proiektuan parte hartu duten hainbat aktore ere bai. “Zailtasun nabarmen batekin topatu ginen hasieran, gure seriea nola zabaldu. Aplikazio propio bat sortzeko helburuarekin ari ginen, hutsetik jaioko zena, baina zailtasun ekonomikoek ezinezko bilakatzen zuten helburu hori. Izagirrerekin elkartu ginenean eta ADMren arteko batuketa honi esker sortu da ZUT”, aipatu du Ixako Unai Portillak. Gaizka Izagirrek hauxe gehitu du: “elkarlan logiko bat, era natural eta oso errazean sortu dena. 2deoko laguntzari esker sortu den euskarazko sinergia berri bat. Ikus-entzunezkoak, eduki berritzaileak eta gazteekiko ezagutza zabala oinarritzat hartuta”. 

Atalak 
Izagirrek hauxe azaldu du: “Gainerako atal finko batzuk ere izango ditugu, Ikus-entzunezko formatuan grabatua eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, youtuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta oso garrantzitsua izango den lehiaketa-erronka atala. Erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa izango da; beraz, edozein ekarpen ongietorria izango da ZUTera! Ez dugu nahi gazteak app-ean soilik geratzea, baizik hortik kanpo sare sozialen bidez gurekin harreman zuzena izatea”. 

Sustatzaileak 
ZUT gazte aldizkari digitalaren atzean Gaztezulo eta ADM SL daude. Azken hori Tokikomek, Esguardek, Anbotok, Baleikek, Goienak eta Euskalerria Irratiak osatzen dute. “ADM SLk egiten duen ttap aldizkariak badu anai-arreba teenager-a”.