Kontseilariak klinikaren errealitatearen berri jaso du

Guaixe 2019ko aza. 21a, 20:04
Joseba Arregi, Mari Carmen Maeztu, Angel_Gardachal eta Ines Frances. Utzitakoa.

Klinikako ordezkariek  Eskubide Sozialetako Departamentuko buruei eskuartean dituzten lanak eta etorkizunerako egitasmoen berri eman diete.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa kudeatzen duen Felipe Lezea fundazioko Joseba Arregi eta klinikako kudeatzaile Angel Gardachal Eskubide Sozialetako kontseilari Mari Carmen Maeztu eta Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesekin elkartu ziren astelehenean. Agirrek eta Gardachalek jakinarazi zieten zuzendaritzan aldaketa egin ondoren klinikak etapa berria bizi duela. “Bere helburua da kalitate handiko zerbitzua ematen segitzea da, klinikako erabiltzaileen eta euren familien ongizatea hobetuko duena”. 

Klinikako ordezkariak gobernukoei jakinarazi zieten eraldaketa digital betean sartuta daudela. “Horrek erizaintzako kontrola erraztu eta hobetuko du, gela guztiak konektatuko baititu. Gainera, gaixo guztien datuak digitalizatuko dira. Horrek guztiak gaixoen kontrol eta jarraipen hobea ekarriko du”. Kudeaketa programa berria ere ezarriko dutela ere jakinarazi zieten Maezturi eta Francesi. Klinikan bestelako berrikuntza lanak egiten ari direla ere jakinarazi zieten, “klinika sektorean erreferente izaten segi dezan”. 

Gardachalek azaldu zienez, plan estrategikoa lantzen ari dira eta “etorri daitezkeen proiektuen artean egon litezke etxez etxeko zerbitzua eta Erorketa Unitatea. Proiektu horiek klinikari hazkunde organikoa ahalbidetuko diote, bere zerbitzuak dibertsifikatuz eta zabalduz. Beti ere, klinika ekonomikoki jasangarria den erakundea izateko helburuz”. 

Hitzarmena
Eskubide Sozialetako Departamentuarekin 2018an onartutako Hitzarmenerako Esparru Akordioaren bidez klinika adinekoendako eguneko zentroko plaza itunduak ditu. Hitzarmenak 4 urteko indarraldia du.Gaur egun, klinikan 19 plaza daude finantzaketa publikoarekin. Horietatik 9 itunpekoak dira, eta 10 zerbitzuari lotutako prestazioa dute.