Arropa biltzeko edukiontziak prezintatuta

Guaixe 2019ko aza. 22a, 13:55
Arropa edukiontzia zintzaz zigilatuta.

Zinta hori-beltz batekin prezintatu dituzte, haiek kudeatzen dituen erakundeak Nafarroako delegazioa ixtea erabaki duelako. Mank-etik arropa eta oihalak bereiztearen garrantzia azpimarratu dute.

Arropa zaharra ere egoki kudeatu behar den hondakin bat da. Berrerabili daitekeena, gainera. Horregatik, Sakanako Mankomunitateak Humana erakundearekin hitzarmena sinatu zuen. Hark ibarrean barna arropa biltzeko edukiontzi txuriak jarri zituen. Baina Humanak Mank-i berriki jakinarazi dio urte akaberan Nafarroako delegazioa ixtea erabaki duela. Horregatik hasi dira Humanakoak edukiontziak prezintatzen, jendeak han arroparik bota ez dezan. 

Ondorioz, Sakana arropak biltzeko zerbitzurik gabe geldituko da. Horren jakitun Mank-en arropa jasotzeko zerbitzua eskaintzeko aukerak aztertzen ari dira. “Guretako garrantzitsua da kaleko edukiontzien bitartez arropa bilketa egin ahal izatea”, azaldu digu Olatz Garde Mazkiaran hondakin teknikariak. Gardek nabarmendu duenez, “arropa banatuta kudeatzea oso garrantzitsua da”. Eta jakinarazi du urte gutxi barru “legez derrigorrezkoa izanen da frakzio hori banatuta biltzea”. Teknikariak azaldu duenez, “arropa ez bada banatzen zabortegian lurperatzen da, eta horrek ondorio negatiboak ditu. Aurrena, ingurumenean, besteak beste negutegi efektu gas emisioak sortzen dituelako. Atzena, ondorio ekonomikoak dira, denon artean pagatzen baitugu hondakindegian kudeatzeko ordaindu behar den tasa. Mank-eko ordezkariak egoerak sakandarrei sor diezazkieken eragozpenengatik barkamena eskatu du, konponbidea lehenbailehen ematen saiatuko direla jakinarazi du eta orain arte arropa bereizten egindako lana eskertu du. 

Behin-behinean 
Behin betiko konponbidea iritsi bitartean, etxean duten arropa zaharra kendu nahi duten sakandarrek bi aukera dituzte: Arbizuko hondakindegira eramatea astelehenetik ostiralera, 07:30etatik 15:00ak arte (google maps-en "Arbizuko Zabortegia" bezala agertzen da). Bestela, 900 730 450 telefonora hots egin eta arropa jasotzera etxetik pasatzeko eskatu.