“Herrialde Katalanetako borroketatik ikasteko”

Guaixe 2019ko aza. 22a, 11:50

Gazte asanbladetako kideak deialdia Urdiaingo gaztetxean egin zuten.

Sakanako Gazte Asanbladek Herrialde Katalanetara “brigada politikoa” antolatu dute. “Preso politiko kataluniarrei babesa adierazteko espetxe martxa” eginen dute abenduaren 6an. Autobuserako txartelak ohiko tokietan daude salgai 30 eurotan, ikasle eta langabeendako 25ean.

“Sakanako gazteok Kataluniar Herri Langilearekin Bat!” Lelo hori du Sakanako Gazte Asanbladek Herrialde Katalanetara antolatutako “brigada politikoa”. Abenduaren hasieran hiru bat eguneko egonaldia eginen dute eta hango hainbat eragilerekin harremanak izanen dituzte, “bidea argitzen laguntzen duten esperientzia guztietatik ikasteko”. 

Ibarreko gazte asanbladetako kideek adierazi digutenez, “Herrialde Katalanetan ematen ari den borroka ez du esperantza han bakarrik piztu, Euskal Herrian zeharka begiratzen diogu ere Kataluniar Herri Langileak aurrera daraman borrokari”. Zergatik? “egun Espainiar konstituzioaren inguruan eraikitako 78ko erregimenaren kontrako fronte nagusia baita. Zoritxarrez Estatuen erantzuna ez da parametro errepresibotatik aldendu eta Herrialde Katalanek beste hamarnaka preso politiko dituzte egun”. 

Borrokaz
Sakanako Gazte Asanbladetako kideek gogoratu “konstituzioaren eta horrek legeztatzen duen kapitalismoaren kontra” manifestatu zirela Etxarri Aranatzen joan den urteko abenduaren 6an. “Espainiar konstituzioaren ezarpena egun krisi sakonean dagoen 78ko erregimenaren hasiera markatu zuen. Krisian zegoen frankismoa ez zen jada langile klasearen zapalkuntza bermatzeko forma egokia eta espainiar konstituzioaren bitartez eman zen mozorro aldaketa, egun batetik bestera frankistak demokrata bihurtuz”. 

Gazte erakundeetako kideen iritziz, “Euskal Herrian egoera horren kontzientzia hartze zabalak borrokan tinko jarraitzeko hautua, milaka eta milaka kideren bitartez eman da”. Gaineratu dutenez, “zapalketak dirauen heinean borroka behar bat bezala agertzeak, kartzela eta presoak kontuan hartu beharreko errealitate direla ulertzera garamatza. Horregatik, gizarte aske baten aldeko borrokan dugu errepresioaren kontrako biderik zuzenena”. 

Erlazionatuak