Udalek gizonezkoak “mugitzera” deitu dituzte

Guaixe 2019ko aza. 22a, 10:13
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunena ikasleek egindako ekintza.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna da astelehena eta horren harira ibarreko udal guztiek gizonezkoei zuzendutako erakunde-adierazpena onartu dute.

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek proposatuta, Sakanako Udalek azaroaren 25aren inguruko adierazpena onartu dute. Guztiek ere argi dute “emakumezkoek  hainbat bizitza-esparrutan jasaten dituzten indarkeria moten konplexutasuna”. Baita “emakumezkoen eta gizonezkoen arteko disparekotasunak, munduko populazioaren erdiaren giza eskubideen urraketa etengabearen iturria baitira”. 

Berdintasuna lortzeko “bide luzea” egin bada ere, “oraindik zer ibilia” dagoela uste dute. Bide horretan gizonezko asko konplize dituzte. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, udaletatik gizonezkoei “mobilizatzen segi dezaten” eskatu diete. Hortik aurtengo kanpainaren Mugitu! leloa. Hainbat arlotan mugitzeko eskaera egin zaie gizonezkoei: emakumeen kontrako hainbat indarkeria motaren konplize izateari uzteko, oinordetzan jasotako pribilegioei uko egiteko, berdintasunaren aldeko borrokari zein jardunari egiten zaizkien gero eta eraso ugariagoei aurre egiteko, emakumezkoen berbiktimizazioa saihesteko edota genero-estereotipoak birsortzen ez dituzten maskulinitate-eredutara. 

Gehiago 
Udalek onartutako adierazpenenaren bidez gaitzetsi egin dute “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria sexista mota oro”. Horregatik, konpromisoa hartu dute “modu aktiboan lanean jarraitzeko disparekotasunen aurka, zaurgarritasun-egoeren eta emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira. Aldi berean, “gobernuak eta erakunde publikoak baita nazioarteko entitateak eta gizarte zibila gogoeta egin eta konpromisoak hartzera” gonbidatu dituzte.

Sakanako udalek “elkartasuna adierazi diete eraso edo hil dituzten emakumeei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoei”. Gizonezkoak “emakumezkoen kontrako indarkeria mota guztien aurrean konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten premiatu” dituzte. Indarkeria mota horri aurre egitea herritar guztien egitekoa dela gogoraraztearekin batera, antolatzen diren ekitaldietan parte hartzera deitu dute. 

Egitaraua 
Azaroak 22, ostirala 
17:00etatik 20:30era Neskak eta emakumezkoak ahalduntzeko autodefentsa feminista tailerra, Emaginek emana. Etxarri Aranazko kultur etxean.

Azaroak 22, ostirala 
22:00etan Velma eta Cris antzezlana (euskaraz). Etxarri Aranazko kultur etxean. Udalak antolatuta.

Azaroak 22, ostirala
22:30ean Velma y Cris antzezlana (gaztelaniaz). Olatzagutiko kultur etxean. Udalak antolatuta.

Azaroaren 22tik 25era 
Baratze kritikoa erakusketa Irurtzungo liburutegian.

Azaroak 23, larunbata 
18:30ean Mi novio me controla… lo normal. Ianire Estebanez. Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. 
Estebanezekin elkartzen diren gazteek entzuten dituzten abestien inguruko hausnarketa eginen dute.  Eta abesti alternatiboak eskainiko ditu. Estebanez saioaren izen bereko blog feministaren sortzailea da. Psikologoa, gazteen artean genero-indarkeriaren prebentzioan aditua da. Psikologia ikasketak burutu zituen Donostian Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean Emakumeen kontrako indarkerian esku hartzea masterra egin zuenean feminismoaren ekarpenetan murgildu zen. Bere tesian (2007) emakume gazteen kontrako indarkeria ikertu zuen, bereziki bikotekideen arteko indarkeria psikologikoa. Geroztik gazteen artean sare sozialetan ematen den genero-indarkeria eta maitasun erromantikoak haien harremanetan duen eragina ikertzen jarraitu du. 

Azaroak 23, larunbata 
19:00etan Mustang (Deniz Gamze Ergüven, 2015, Frantzia) filma eta ondoren foruma. Maria Castejon Leorza, ikus-entzunezkoetan eta genero irudikatzean aditua. Irurtzungo Kultur etxean.

Azaroak 24, igandea 
18:00etan Abesti moreak. Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. 
Gazteak matxistak ez diren kantuak bilatu, birpasatu, mural bat bete eta bestelako hausnarketak eginen dituzte.

Azaroak 25, astelehena. Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna.
18:00etan Abesti moreak. Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. 
19:00etan Autodefentsa feminista, Altsasuko mugimendu feministak deitutako manifestazioa. Altsasuko Foru plazatik abiatuta. 

Azaroak 26, asteartea 
17:00etan Olaztiko ludotekan
Izaskun Mujika ipuin kontalariaren Gorputz osoko ipuinak kontakizuna. 
Izaskun Mujika aktore, narratzaile eta dramatizazio irakaslea da. Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen Arte Dramatikoko ikasketak eta bere ikaskuntza, interpretazio, antzerki pedagogia, clown edo maskara kurtsoekin osatzen du.

Gorputz osoko ipuinak: Kandida oso neska zintzoa da, denak daude pozik berarekin. Denak, Kandida bera izan ezik. Ez da sentitzen eta pentsatzen duena adierazten ausartzen eta ez da bere burua defendatzeko gai sentitzen. Egun batean dena aldatzen da Kandidaren bizitzan, berak esaten ez duen guztia bere gorputzean jaiotzen den bigarren aho batek esango baitu…” Genero berdintasuna, autoestimua, elkarrenganako errespetua, besteak beste, jorratzen dituzten ipuin dibertigarriek osatzen dute ipuin sorta hau.

Azaroak 27, asteazkena  
Baratze kritikoa erakusketa Arbizuko udaletxean.

Azaroak 27, asteazkena
19:00etan Samara Velte. Nik sinisten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua liburuaren aurkezpena eta hizketaldia.  Arbizuko Udaletxean
Nik sinesten dizut ez da 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika liburu soil bat. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: biolentzia fisikoaz harago, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak. Liburu honen helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere, kultura hori aldatzeko.

Azaroaren 28tik 29ra 
Baratze kritikoa erakusketa Etxarri Aranazko plazako estalopean. 

Azaroak 29, ostirala 
17:00etatik 20:30era Neskak eta emakumezkoak ahalduntzeko autodefentsa feminista tailerra, Emaginek emana. Etxarri Aranazko kultur etxean. Izen ematea berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan, azaroaren 18ra arte.

Azaroak 30, larunbata 
17:30ean Libre zu, libre ni mikromusikala. Musas y fusas. Lakuntzako Kultur Etxea-n
Libre zu, libre ni, mikromusikal baten formatua daukan ikuskizuna da, non gizartean aurkitu ditzakegun hainbat egoera zein jarrera matxisten islada aurkezten da. 

19:30ean Volar (Bertha Gaztelumendi, 2017, Euskal Herria) filma eta ondorengo foruma. Inma Mata dokumentaleko protagonistetako batekin solasaldia 
Sinopsisa: Genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumek asteburu bat pasa dute elkarrekin, landan, euren  egunerokotasunetik urrun. Adin eta zeregin desberdinak dituzte baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan gabe. Biolentziazko infernu horri aurre egiteko kuraiak batzen ditu baita pairatutako sufrimenduari zentzu bat eman nahi izateak ere. Eta euren bizi-esperientzia eskaintzen diete beste emakumeei eta gizarteari.

Abenduak 11, asteazkena 
18:00etan, Jarain.app! Indarkeria matxistarik gabeko Sakana aplikazioaren lan saio publikoa. Altsasuko Iortia Kultur gunean.