Dagoeneko ikasiak gara. Badakigu zer den Euskaraldia. Jakin badakigu euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala dela. Badituela bi rol: belarriprest eta ahobizi. Eta rol horiek ez daudela euskararen ezagutzarekin lotuta. Jarrera bat direla. Belarriprestaren jarrera da euskal hiztunari esatea: hitz egidazu euskaraz, lasai, ulertzen zaitut; baina nik erdaraz edo euskaraz erantzunen dizut. Ahobiziak, berriz, toki eta ordu guztietan euskaraz hitz egiteko rola bere egiten duen pertsona da. Rolak hartuz, Euskaraldiarekin ikasi genuen gure inguruan uste baino euskaldun gehiago zeudela. Eta beste irakasgaia izan zen bi roletako jendea elkartzean komunikatzeko ez zela erdaraz izan behar, elkarrizketa elebidunak sortzen zirela, eta elkar ulertzen genuela. Hiztunak maila berean egonda, euskarak irabazten zuela, ordura arte elkarrizketa horiek erdaraz baitziren.
Hori guztia ikasitakoak gara, bai. Bihar urte bat beteko delako aurreneko Euskaraldia hasi zela. Abenduaren 3ra arte, 11 ariketa egun izan ziren. Euskara gehiago erabili eta entzun ziren 11 egun. Euren inertzia izan zutenak. Eta euskal komunitatearen eremutik kanpo, gizartean eragina izan zuten 11 egun.
Aurreneko Euskaraldiarekin 2.609 sakandarrek egin zuten bat. Heldu den urtean, atzera ere, Euskaraldia eginen da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, 15 egun. Eta Sakanako batzordeek estreinako edizioan bezain beste parte-hartzaile, edo gehiago, izatea nahiko lukete. Horregatik, dagoeneko, Euskaraldia batzordeak hasi dira herrietan lanean. Besoak zabalik hartuko dituzte parte-hartzaile berriak. Izan ere, Euskaraldia behar bezala prestatzea bera ariketa bat da, elkarlanean hobe egiten dena. Baina ariketa egiteko batzordeak aktibatu eta herriek izena eman beharko dute lehenik. Horretarako garaia da oraintxe, guaixe.