Gaur Santa Zezilia eguna da, musikarien eguna

Guaixe 2019ko aza. 22a, 09:31
Iaz Kruz Mari Martinez Larrea Altsasuko udal txistulariaren 50. urteurrena ospatu zuten Santa Zezilia egunean. ARTXIBOA

Musikarien eguna ospatzeko Sakanako musika taldeak aterako dira egunotan kalera

Altsasuko musika eta dantza eskolako ikasleak izan ziren lehenengoak Santa Zezilia ospatzen. Astelehenean ospatu zuten, eta Altsasuko kaleetan zehar ibili zirenmusikarekin herria alaitzen. Gaur, azaroak 22, ospatzen da Santa Zezilia musiarien zaindariaren eguna, eta horregatik hainbat talde kalera aterako dira ere.

Erkudengo Ama abesbatza, urtero bezala, Altsasutik aterako da kantuan. Hainbat geldialdi eginen dituzte emanaldi txikiak eskaintzeko: Iortia plazan, Iortiako zabalgunean, Zumalakarregi plazan, San Juan plazan eta, azkenik, Foru plazan. 19:30ean aterako dira.

Altsasun ere udal txistulariak aterako dira musikarien eguna ospatzera. 20:00etan jarri dute hitzordua. Ondoren, afaltzera joango dira. Burundar txistulariak taldea ere kalera aterako da.

Haize Berriak bandak modu berezia ospatzen du Santa Zezilia. Igandean, etzi, Sakanatik bira txiki bat egingo dute eta Etxarri Aranatzen eta Altsasun banda kide berrien etxeetar joango dira ongi etorria ematera. 10:00etan Egiarretatik hasiko dira, 11:00etan Izurdiagan egingo dute emanaldia, 12:00etan Etxarri Aranatzera iritsiko dira eta, azkenik, Altsasuko kaleetan barna ariko dira 13:00etatik aurrera. Haize Berriak bandak kontzertua berezia eskaini behar zuen igandean, 12:00etan, Iortia kultur gunean Asier Urreta zuzendaritzapean eta Alberto Urretxo tronboi jolea eta Adriana Grigoras biola jolea bakarlari gonbidatuekin, baina gonbidatuetako baten gaixotasunagatik bertan behera utzi behar izan dute kontzertua. Aurrerago jakinaraziko dute kontzertuaren data berria.

Etxarri Aranazko musika eskolako ikasleek azaroaren 25ean, astelehenean, 19:00etan, ospatuko dute haien eguna kultur etxean eskainiko duten kontzertu batean.