Unetxoak

1994ko abenduaren 20an Guaixe hilabetekariaren lehenengo alea publikatu zen. Duela 25 urte. Urtero ez denez mende laurdena betetzen, urteurrena ospatzeko 'Batzen gaituena. Guaixe25 urteurren gala' antolatu zuten Guaixe Fundazioko langileek

Jean-Pierre Jeunet zinemagilearen Le fabuleux destin d'Amélie Poulain filmaren protagonistak, Ameliek, bizitzaren gauza txikiekin disfrutatzen du. Besteak beste, eskua dilista zaku batean sartzea edo krema katalanaren azukre gogorra koilara batekin apurtzea gustatzen zaio. Unetxo horiek pozik jartzen dute Amelie. Izan ere, zer izango zen bizitza unetxorik gabe? Gala baterako ilusio handiarekin erosten den soineko dotorea, lan gogorraren ondoren lehiaketa batean finalista izatea, ekitaldi batean jasotzen den espero ez den oparia edo musika emanaldi bat entzutea. Memorian gordetzen diren une xumeak dira. 

Azaroaren 15ean, ostiralean, hainbat Sakandarren inkontzientean geratuko diren hamaika unetxo txikiez osatutako gala handia bizi izan zen Iortia kultur gunean. Ekitaldi xumea, baina "hunkigarria", "elegantea" eta "polita" ikusleen esanetan. Batzen gaituena. Guaixe25 urteurren galan, nola ez, 25 urte atzera egin zen eta Guaixe proiektu komunikatiboaren historia errepasatu zen, gaur egungo aisialdi moldetara egokituz: ikus entzunezkoa, Sakanako artistek egindako musika, antzerki eta poesia unetxoekin uztartuta. Gala xumea baina elegantea, minimalista baina erosoa, eta formala baina informala.

Batzen gaituena
Galaren elementu nagusia eta bereizgarria elkarrizketa-dokumentalaren mustutzea izan zen. Aitziber Etxaizek eta Olatz Irizarrek Amaia Amilibiarekin batera Guaixeren sortu zutenek, eta Iñaki Mundiñano hasieratik proiektuan parte hartu duen euskaltzaleak, Guaixeren 25 urteak laburbildu dituzte Aritz Leozek egindako ikus-entzunezko honetan. 

Dokumentala lau zatitan banatzen da eta istorioaren haria zuhaitzak dira. Sakanan adierazgarri diren basoak, garai honetan marroiz, gorriz, horiz eta okrez jantzi direnak. Protagonistek Guaixeren sorreraz, hasierei buruz, profesionalizazio prozesuaz, hasieratik lagundu zuten sakandarrez eta bazkidetzaren garrantziaz hitz egiten dute dokumentalean: hasierak edo kimuak; profesionalizazioa edo enborra; sakandarrak edo sustraiak, eta bazkideak edo hostoak eta haziak. 

Udazkena da eta Iortia kultur gunearen areto nagusia ere udazkenaz jantzi zen. Dokumentalaren gaia jarraiki, galaren haria ere udazkena eta zuhaitzak ziren, eta horrela ikus zitekeen oholtzan jarritako apaingarri xumean ere. Baso bat bailiran, Guaixeren baso magikoa, hostoak ziren nagusi. Izan ere, Iñaki Mundiñanok ekitaldiaren amaieran aipatu zuen bezala, "Amilibiak, Etxaizek eta Irizarrek hazi bat landatu zuten, gaur egun zuhaitz handi bat dena: Guaixe". 

Hostoak
Ikus entzunezkoaren tarte bakoitzaren tartean musikarako, antzerkirako, zorion agurrendako, poesiarako eta hitzaldietarako tokia egon zen. 25 urteko historia laburbiltzen zuten unetxoak. Zeremonia Guaixeko erredaktorea den Maider Betelu Ganboak gidatu zuen. Alfredo Alvaro Igoak erredaktore burua izan behar zuen berarekin, baina berandu iritsi zen Basauritik, Tokikom Sarietako ekitalditik, zetorrelako. Hasierako umoreak gala atsegina eta arina izango zela argi utzi zuen. 

Usain batek, irudi batek edo abesti batek bizitzaren une jakin bat gogoraraztea ekartzen dute, eta Zaldibobo taldearen Lurra abestiaren bidez, Erkuden eta Itziar Flores abeslariak eta biolin eta zeharkako txirula joleak, Luisillo Kalandraka baxu joleak, eta Aritz Goikoetxea gitarra joleak Guaixeren sorreraren garaietara eraman zuten publikoa. 

Dokumentalean esaten den bezala, Guaixe Urdiaingo udaletxeko gelatxo txiki batean eta gutxiengo baliabideekin sortu zen. Ondoren, kazetarien lana ere profesionalizatuz joan zen eta teknologietara egokituz joan da. 25 urte hauetan kazetaritzaren munduak 360 graduko bira eman du; guztiz aldatu dira informatzeko, komunikatzeko, idazteko, maketatzeko, lan egiteko eta abarreko moduak. Tarima Beltza antzerki taldeko Nahikari Gonzalez eta Merche Herrerak aktoreek ongi azaldu zuten kazetariaren lanaren garapena antzerki pieza batean. Idazteko makinatik ordenagailura eta ordenagailutik telefono mugikorrera. 

Sakandarrak dira Guaixeko protagonistak. Sakandarrek egiten dute Guaixe. Eta sakandarrek lekua izan zuten galan ere. Hortaz, Sakanako zenbait taldek, elkartek eta norbanakoek zorion agurra bidali zuten Guaixeren deialdiari erantzunez. Guaixe-Story bideo batean Guaixe teknologia eta informatzeko modu berrietara egokitu dela, eta sakandarrok "Batzen gaituena" dela argi geratu zen. Zorion agurrekin amaitzeko, Castillo Suarez idazleak galaren momenturik hunkigarrienetakoa sortu zuen, Denbora eta tokia gurutzatzen direnean Guaixeren 25. urteurrenerako eta galarako berariaz sortutako poesiarekin. 

Iñaki Mundiñanokhartu zuen ekitaldiari amaiera emateko ardura. Bierrik elkartea sortu zenetik Guaixe proiektu komunikatiboan parte hartu du etxarriarrak. Guaixe "Sakanaren eta sakandarren ahotsa" izan da, "eta da" esan zuen Mundiñanok. Hortaz, "sustraiak Sakanan errotu" direla aipatu zuen: "Milaka hostotako adaburua sortu da". Hostoak sakandarrak dira. "Guaixe ez baita posible izan babestu duen jenderik gabe". 

"Guaixek adar asko ditu: handienak, agerikoenak, bistakoenak, Guaixeko langileak dira". Tarte horretan arratsaldearen bigarren unerik hunkigarriena suertatu zen, Guaixeko gaur egungo langileak oholtzara igo zirenean. "Hauek dira Guaixeren aurpegiak". Guaixetik 25 urte hauetan pasa diren kolaboratzaileak, laguntzaileak, lan egiteko prest egon den jendea, banatzaileak, zuzentzaileak eta langile izandakoak gogoan izan zituen etxarriarrak, baita diru-laguntzak eta babesa eman dute entitateak ere.

Duela 25 urte hazi bat erein zuten, "genuen". Hazia hazi da, Guaixe zuhaitz handia da dagoeneko. "Udazkenean gaude: hostoak lurrera erortzen ari dira, hosto horiek sustraiak elikatuko dituzte, eta hazietatik basoa hedatu eta handituko duten zuhaitzak sortuko dira". Bazkideak Guaixe ernaltzen lagundu duten hostoak dira, eta "orain, udazkenean gaudela", proiektua ernaltzeko eta hedatzeko laguntza eskatu zuen Mundiñanok: "bazkide egiteko txartel bakoitzarekin hazi bana banatu dugu, hazi horietako bakoitza bazkide berri bat da. Lagundu haziak ereiten, lagundu proiektu hau ernaltzen". 

Festa
Besteak beste, bi gauzek batzen dituzte sakandarrak: Guaixe eta auzateak. Galan sorpresak egongo zirela aurreikusi zen, eta sorpresak pixkanaka azaleratzen joan ziren. Urtebetetze bat zen, eta urtebetetze guztietan bezala, opariak egon ziren. Iortia kultur guneko aretoan sartu aurretik ikusleek opari bat jaso zuten: Guiaxe25 urteurrenerako sortutako tote-bag bat barruan zenbait sorpresa zituena. Ondoren, gala amaituta parte hartzaileak kultur gunearen erakusketa gelara hurbildu ziren auzateaz disfrutatzera. Bertan beste sorpresatxo bat topatu zuten: photocall-a. 

Oscar edo Grammy sariak bailiran, Batzen gaituena. Guaixe25 urteurren gala-n argazkiak egiteko tokia zegoen, baina kasu honetan erredakzio vintage bat zen eszena tokia: idazteko makina, irrati zaharra, Guaixeren erredaktore buruaren bereizgarri den bizikleta zaharra... Lotsak alde batera utzita une dibertigarriak bizi izan ziren photocall-ean. Jatekoa eta edatekoa, noski, ez ziren falta. 

Erlazionatuak

Batzen gaituena Guaixe25 urteurren gala Iortia kultur gunean

Altsasu

Guaixeren 25. urteurrena ospatzeko 'Batzen gaituena gala' ospatu zuten proiektu komunikatiboaren langileek aurreko ostiralean. Ikuskizunean musika,...
Guaixe25 photocall-a

Sakana

Urtero ez direnez 25 urte betetzen, Guaixeren mende laurdena ospatzeko 'Batzen gaituena gala' egin genuen ostiralean, Iortia kultur gunean. Galaren...