Pilota

Bikain ekin diote Binakakoari

Guaixe 2019ko aza. 25a, 10:27

Ezkurdiak eta Martijak 22 eta 17 irabazi zieten Ladis Galarzari eta Altunari eta Jaka eta Zabaleta dira lider, atzo Irribarria eta Rezusta 5 tantotan utzi eta gero

Binakakoari primeran ekin diote gure pilotariek. Ostiralean Ezkurdiak eta Martijak Altuna III.a eta Ladis Galarza izan zituzten aurkari Azkoitian. Nafarroa Arenan elkarren kontra aritu eta bost egunera atzera ere arerio izan ziren Ezkurdia eta Altuna. Partida oso lehiatua izan zen, eta lana izugarri egin behar izan zuten laurek. Erasoaren gainetik defentsan aritu izan behar zuten, eta lehia orekatu eta borrokatua izan zen. Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoak: launa, bosna, zazpina, 11na, 13na eta 14na berdindu zuten. Hortik aurrera, Ezkurdia eta Martija akaso erosoago aritu ziren, partida luzatzeko beldurrik gabe. Martijak txokoa zaintzeko egindako lana txapela kentzeko modukoa izan zen, eta Jokin Altunak zuloak topatzeko gero eta arazo gehiago izan zituzten. Bukaera horretan akats gehiago egin zituzten Altunak eta Ladisek, eta, azkenean, 22 eta 17 irabazi zuten Ezkurdiak eta Martijak, defentsa lan ikusgarria egin eta gero. Guztira 657 pilotakada gurutzatu ziren partidan. 

Eta igandean ekin zion txapelketari Jose Javier Zabaletak, aurreko koadroetan Erik Jakaren laguntza zuela. Aurrean Iker Irribarria eta Beñat Rezusta zituzten, biko sendoa eta duela hiru urteko Binakako bikote txapelduna. Partida gogorra espero zen, momentuko bi atzelari onenen arteko lehia, Irribarriaren pilotakada gogorrak eta Erik Jakaren debuta. Baina inolaz ere. Erik Jakak eta Zabaletak ikusgarri ekin zioten partidari eta jokoz kanpo utzi zituzten Irribarria eta Rezusta. Lizartzakoak eta Etxarrengoak 5 tantotan utzi zituzten Irribarria eta Rezusta, Bergaran bildutakoen harridurarako. Oso ongi hasi zen Jaka, hasi eta sei tanto jarraian egin baitzituen. Atzeko koadroetan Zabaletak dominatu zuen, argi eta garbi. Aldiz, Rezusta ez zen fin ibili, bere buruarengan konfiantza galdu eta akats nabarmenak egiten hasi zen, eta Irribarriak guztiz gaindituta ikusi zuen bere burua. Horrela, gorriak akatsak pilatzen hasi ziren, urdinak maila bikainarekin jarraitu zuten eta txapelketako lehen puntua lortu zuten Erik Jakak eta Jose Zabaletak. 

Gaur Binakako 1. jardunaldiko azken jardunaldia jokatuko da Tolosako Beotibarren, 16:30ean abiatuko den jardunaldian. Artola-Imazek Laso-Albisu izango dituzte aurkari. 

Hurrengo jardunaldia
Binakako Txapelketako 2. jardunaldian Jakak eta Zabaletak Altuna III.a eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari ostiralean Amezketan (22:00, ETB1). Ezkurdia eta Martija, aldiz, Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira larunbatean Eibarren (17:00, ETB1). Larunbatean, Lizarran, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrena II.ak Lasoren eta Albisuren kontra jokatuko dute eta igandean Binakakoa Soriara joango da, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak Artola eta Imaz izango baitituzte aurkari igandean Sorian (17:00, ETB1).