Futbola

Preferentea: Lagunek puntu bat atera zuen Beriainen kontra eta Etxarri punturik gabe itzuli zen Doneztebetik

Guaixe 2019ko aza. 25a, 12:46
Etxarrik ezin izan zuen Doneztebetik punturik ekarri ahal izan.

Preferente maila. 10. jardunaldia: Lagun Artea 0 – Beriain 0 / Doneztebe 3 – Etxarri 1

Preferente mailako gure taldeen asteburua ez da izan suziriak jaurtitzeko modukoa. Lagun Arteak Beriain hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin, eta bi taldeak parez pare ibili ziren. Hala ere, lehen zatian Lagun Arteak hartu zuen partidaren zama eta ardura, baina ezin izan zuen kontrako atean asmatu. Bigarren zatian Beriainek gora egin zuen eta partida paretu zen. Bi taldeek gol aukera ugari sortu zituzten, baina ez batak ez bestek ez zuten punteria alde izan eta ez zuten kontrako atean asmatu. 

Etxarri Aranatzek, aldiz, Donezteben jokatu zuen. Doneztebekoak indartsu ekin zioten partidari eta lehen 15 minutuetarako 2 gol sartu zituzten. Bigarren zatian gora egin zuen Etxarrik eta Donezteberekin parez pare ibili ziren. Gol bat sartuta, 2 eta 1 gerturatu ziren etxarriarrak, baina partidako azken minutuan, 90.ean, Doneztebek hirugarren gola sartu zuen eta etxarriarren asmo guztiak zapuztu zituen eta punturik gabe itzuli ziren Doneztebetik. 

Beti Casedanok jarraitzen du preferente mailako lehen multzoko lider (20 puntu) eta Lagun Artea 5. da (15 puntu). Etxarri Aranatz 15. postuan dago (10 puntu), jaitsiera postuetan. Hurrengo jardunaldian sailkapenean 11. den San Jorgeren kontra jokatuko du Lagun Arteak, Sanduzelain, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean 6. den Aibares hartuko du.