Pala

Sakanako Nesken Pala Torneoa abian

Sakanako Pala Txapelketako iazko finalistak.

Asteburuan hasiko da Sakanako Mankomunitateak eta Gure Pilota elkarteak antolatutako XV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa, Etxarri Aranatzen. Gaztetxoetan 5 kategoria lehiatuko dira eta helduetan bi kategoria

Sakanan emakumezkoen palak osasun bikaina dauka, bereziki Etxarri Aranazko Gure Pilota elkartean egiten den lanari esker. Urteak daramatzate pala gustuko duten emakumeek Aristorenaren esanetara entrenatzen. Neska hauek lehiatzeko aukera izan dezaten jaio zen Sakanako Nesken Pala Torneoa, aurten 15 edizio beteko dituenak. 

XV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa bi maila nagusitan jokatuko da: gaztetxoen eta helduen mailan. Gaztetxoetan 5 kategoriatan lehiatuko dira palistak: tximeletak, pottokak, usoak, kattagorriak eta txitoak. Eta, helduetan, bi mailan: eliteak eta promozio mailakoak. Helduen mailan aipatzekoa da Nafarroako palista onenak ariko direla, punta-puntakoak. Tartean dago Irati Igoa etxarriarra, larunbatean Maite Ruiz de Larramendirekin Nafarroako Kluben Arteko Paleta Gomako txapelduna izan zena. Irati Igoak Murillorekin osatuko du bikoa Sakanako txapelketari ekiteko, eta larunbatean jokatuko den lehen jardunaldian hain zuzen ere Saraueta eta Maite Ruiz de Larramendi izanen ditu aurkari. Nafarroan ere palista bikaina den Amaia Espinalek ere Sakanakoan hartuko du parte.

Txapelketa azaroan eta abenduan jokatuko da Sakanako pilotalekuetan, larunbatetan. Goizeko 9:30ean gaztetxoen partidak jokatuko dira eta helduenak, berriz, 16:00etatik aurrera. Asteburu honetan hasiko da lehia, Etxarri Aranazko pilotalekuan, eta finala abendu bukaeran jokatuko da, abenduaren 28an ziurrenik. 

Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa
1. jardunaldia. Larunbatean, 16:00etan, Etxarri Aranatzen
Promozioa: 
Balerdi-Gorostiaga / Eizmendi-Senosiain
Gomez-Lusarreta / Arbizu-Urdangarin
Eliteak:
Irazustabarrena-Azanza / Espinal-Ardanaz
Murillo-Igoa / Saraueta-Ruiz de Larramendi