Txirrindularitza

Burundakoen urteko balantzea

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 28a, 11:42

Ostiralean urteko batzarra egin zuten Iortian eta Ibai Azurmendik oroigarria banatu zien txirrindulariei. Bihar bazkaria egingo dute

Ostiral arratsaldean Burunda Txirrindularitza Taldeak urteko batzarra egin zuen Iortia Kultur Gunean. Bertan ziren Burunda klubeko bazkide, txirrindulari eta gurasoak. Juntak urtearen errepasoa eta balantzea egin zuen. Ondoren oroigarria eman zieten txirrindulariei. Aurtengo gonbidatua Euskadi Fundazioko Ibai Azurmendi txirrindulari profesionala izan zen. Azurmendi Burunda klubean trebatu zen kadete eta junior mailan, eta etxera itzuli zen aitortza jaso eta klubeko neska-mutikoei oroigarriak banatzera. Gustura erantzun zituen egindako galderak. 
Bestalde, eta urtero moduan, larunbatean bazkaria egingo dute Burundako juntako kideak, txirrindulariak eta gurasoak. 

Abenduaren 14an Ziklo-Krosa Urdiainen
Burunda Txirrindularitza Taldearen aurtengo lanak ez dira bukatu, abenduaren 14an ziklo-kros lasterketa antolatuko baitute Urdiainen. Lehenengo aldia da Burunda klubak halako lasterketa antolatzen duela, baina euren txirrindulariak ziklo-krosean aritzen direnez, pausua ematera animatu dira, eta proba jarraitzera animatu dituzte sakandarrak. Urdiaingo Ziklo-Krosa Benigno Mendia zenari omenaldi xumea izango da, Mendia Sakanan ziklokrosean hasi zen lehenetarikoa izan zelako.