Pello Ruizi eta Mikel Urrestarazuri aitortza

Guaixe 2019ko aza. 28a, 16:22

Nafarroako Gobernuaren 2019ko Kirol Merituari Zilarrezko Domina jaso zuten, urte luzez mendizaletasuna eta pilota sustatzeagatik

Nafarroako Gobernuak Kirol Merituari Urrezko eta Zilarrezko Dominak banatu zituen atzo, asteazkenean Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldi instituzionalean, Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barruan. Maria Chivite presidenteak Urrezko Domina Alberto Undiano Mallencori banatu zion “futbol-epaile gisa Nafarroako erreferente nagusia eta nazio-mailan zein nazioartean adierazgarrienetakoa izateagatik, hutsik gabeko ibilbide eredugarrian zehar”. Horretaz gain, Nafarroan kirola sustatzeko zuzendaritza-lanetan edo entrenatzaile gisa egiten duten lanari errekonozimendua egiteko 25 Zilarrezko Domina banatu zituen, eta bi Sakanara etorri ziren: Pedro Mari Ruiz Bordegarai lakuntzarrak eta Miguel Angel Urrestarazu Zabalo altsasuarrak jaso zuten oroigarria, mendizaletasuna eta pilota sustatzeagatik egiten duten lana eskertzeko. 

Pello Ruiz mendiari lotuta bizi da: asteroko irteerak lagunartean, Sakanako Mendizaleak taldeak antolatutako hileroko mendi zeharkaldietan aritzen eta elkarteko presidente lanak egiten… betiko mendigoizaleen ispilu. Eta Mikel Urrestarazu, berriz, pilota-epaile fina. Inguruko frontoi guztietan ezaguna, kategoria txikietatik hasita profesional mailara bitartean ehunka partida epaitu ditu eta pilota sustatzen lan handia egin du altsasuarrak.