Mendia

Garbizu Menditerapiaz ariko da Lakuntzan

Guaixe 2019ko abe. 5a, 11:46

Sakanako Mankomunitateak antolatutako ekitaldian, abenduaren 14an, goizeko 10:00etan, Lakuntzako Kultur Etxean izango da saioa

Juanjo Garbizu mendizaleak 2012an “Monterapia. Cuesta arriba se piensa mejor” liburua idatzi zuen. Sekulako arrakasta izan du eta 9 berredizio egin dira. Finean, Garbizuk bere liburuan dio mendia guztiz toki aproposa duela arima sendatzeko, eta terapia hori hartzeko “ez dituzu itsasoak zeharkatu edo munduko tontorrik altuenetara igo behar”. Berak uste du mendian gora eta behera hobeto hausnartzen dela, eta mendizaletasunaren terapia natural hori sustatu nahi du. “Etxe ondoko bazterrek arima sendatzeko balio dute ederto asko. Tamainak ez du axola. Eta GPS gabe baldin bada, hobeto, barnean ditugun gaitasunak eta halmenak lantzeko. Umeekin ere bai. Edo bakarrik, zergatik ez. “Off” botoia sakatu eta abiatu. Eta ez baduzu inoiz gaua pasatu tontor batean beste barik lozaku batean, beldurrak uxatu eta probatu…”. Berriki Slow Mountain (2016) liburua idatzi zuen Garbizuk eta aurten Aralarko Mendizerra eta Parke Naturalari buruzko gida (2019), Aralarren 23 ibilbide proposatzen dituena. 

Abenduaren 14an Garbizu Lakuntzako Kultur Etxera hurbilduko da, Sakanako Mankomunitateak antolatutako hitzaldian parte hartzera. Monterapia bere liburuaz ariko da eta mendizaletasunaren inguruan duen filosofia azalduko du, mendira lasai joan eta deskonektatzearen aldekoa. Hitzaldiaren ondoren te beroa hartu eta eguraldiak laguntzen badu paseoa egingo dute menditik.