Ikasketa teorikoak praktikarekin uztartzeko aukera izanen dute Sakana Lanbide Heziketa institutuko Merkataritza Zerbitzuko ikasleek. Sakanako ekoizleen produktuekin osatutako eguberri saskien eskaintza eginen dute 1. eta 2. mailako ikasleek. Eta azken gela horretakoak, gainera, biltegiratze operazio bereziak, bezeroari arreta eta merchandising ikasgaiak ere praktikan jarriko dituzte. Bigarren urtea da ikasleak, Belardi eta Sakanako Garapen Agentzia elkarrekin aritzen direna saskiak egiten. Agentzia saskiak banatzen 2017an hasi zen.
Nerea Viana
Sakanako Garapen Agentziako elikadura teknikaria
Zertan datza proiektu pedagokikoa?
Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuko Merkataritza Zerbitzuko ikasleekin eginen dugu. Ikasketa horren baitan ikusi genuen ikasgai batzuk jorratzeko modu egokiagoa zela proiektu praktiko baten bidez. Proiektuan parte hartzen dute Sakanako ekoizle txikiak biltzen dituen Belardi elkartea, ekoizleek, institutuko ikasleak eta irakasleak eta garapen agentziatik koordinatzen dugu. Gauza da eguberrietako saskiak diseinatzea, prestatzea eta banatzea. Ez dira edonolako saskiak, bertako ekoizleen produktuez osatutako zareak baitira. Eguberrietan udal eta enpresa askok saskiak banatzen dituzte eta pentsatu genuen interesgarria izanen litzatekeela hor irizpide batzuk kontuan izatea: bertako produktuak izatea, LHko ikasleak bustitzea.
Ikasleei zer dagokie egitea?
Haien etorkizuneko lanpostuan izanen dituzten zereginak ikasten dituzte: eskaerak nola kudeatu, hornitzaileekin harremanetan jarri eta eskaerak egin, bezeroari arreta egin, marketing pixka bat eta komunikazioa. Guk haiekin saskiak prestatzeko prozesu guztia nola egin beharko litzatekeen lantzen dugu modu praktiko batean. Aurrena, zare horiek nola diseinatuko ditugu? Zer prezio jarriko diegu? Zer produktuz beteko ditugu? Zein izanen dira kostuak? Zein diru-sarrerak? Zabaltzeko nola eginen dugu marketing kanpaina? Kartela diseinatu, e-posta bidezko bidalketa, eskaerak kudeatu beharko dituzte, hornitzaileei produktuak eskatu beharko zaizkie. Ehun zare eskatzen badituzte ehun gazta, txistorra eta beste behar dira. Hornitzaileak Sakanako ekoizle txikiak dira, nekazari eta abeltzainak. Erlazio zuzen hori ere lantzen da eta lehen sektorea ezagutzeko modua ere bada. Azkenik saskiak prestatu eta banatuko dituzte. Bitartean bezeroei arreta eskaini behar bazaie, edo kontaktuan egon behar badira, ikasleen kontu izanen da. Horrela, ikasitako gaiak aplikatzen dituzte.
Zergatik ematen diozue garrantzia kontsumo arduratsuaren gaiari?
Ikasleendako oso proiektu hezigarria da. Baina horrek guri aukera ematen digu, zeharka, beste perspektiba bat lantzeko: lurraldekotasuna, kontsumo arduratsua edo ekonomia sozial eta eraldatzailearen pintzelada batzuk, elikadura burujabetza… Uste dugu gai horiek lantzea, prestakuntza eta hezkuntza balore horietan kokatzea oso garrantzitsua da. Azken finean, etorkizuneko merkatariak eta biztanleak izanen dira. Sakanan bizi garen heinean lurraldean kokatzea oso garrantzitsua da. Belardiko artzain batekin joan ginen eta hitzaldia izan zuten. Ustiategi bat bisitatzeko aukera ere izanen dute ikasleek, zareetan jarri dituzten produktu horiek nondik datozen ikusteko. Zeinek egiten ditu? Lurraldearendako zein onura du guztiondako?
Zein produktu izanen dira saskietan?
Oraindik ez dugu guztiz itxita zarean izanen diren produktuak. Sakanan artzaintza oso garrantzitsua da, beraz, pare bat gazta izanen dira (naturala, ketua, gazta zahar krema, gazta urdina…). Haragi ekoizleak ere baditugu. Joan den urtean euskal txerriz egindako txistorrak jarri genituen eta aurten txorizo ondua jarriko dugu. Agian pate poteren bat edo halako zerbait, ikusiko dugu. Sagardoa, ardoa. Pentsatzen ari gara, nahiz eta Sakanakoa ez izan, Nafarroan egindako artisau-garagardo ekologikoa sartzea. Marmeladaren bat. Yogurtak. Pastak. Eta gauza gehiago. Sakanako produktua sartzea da lehentasuna. Baina bertako produktuez aritzean, gure ikuspegia da hemen bertan zerbait ez badugu, Nafarroakoa izatea. Ahalik eta gertukoena, agroekologia irizpideak lan egiten duen ekoizlea kontuan hartzen dugu. Aurten, agian, Nafarroako Bizilur elkartearekin lan eginen dugu, Belardiko ekoizle asko Bizilurren ere parte hartzen dutelako.
Eskaerak nola egin daitezke?
Eskaera e-posta bidez eta kartelen bidez zabalduko dugu, udaletara, Sakanako Mankomunitatera eta enpresa jakin batzuetara. Oraindik ez dugu gaitasunik eta, horregatik, ezin dugu gehiegi ireki. Posible bada gehiago zabaltzea sare sozialetan ere zabalkundea emanen diogu. Eskaerak e-postari erantzunez edo telefono batera hots eginez egin beharko dira. Ikasleak hori kudeatu dezaten saiatuko gara aurten. Epea abenduaren 1etik 12ra izanen da, gutxi gorabehera. Joan den urtean 100 saski banatu zituzten ikasleek eta aurten 200 egitea da erronka.