Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakinarazi duenez, izangaien bi zerrenda sortu nahi ditu. Aurrena, gizarte-langile lanpostuetan sortzen diren beharrak betetzeko oposizio-lehiaketa bidez. Atzena, berriz, administrari laguntzailearen lanpostuan ordezkapenak egiteko. Bi kasuetan zerrenda 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean izanen da indarrean. Baterako eta besterako eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa da.
Gizarte-langileak ordezkatzeko zerrendan sartzeko, besteak beste, honakoa eskatzen da: Gizarte Laneko Diplomadun titulua edukitzea, edo dagokion gradu-titulua, edo ofizialki balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz), euskara jakitea eta gidabaimena eta autoa izatea. Lanpostuak B mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du.
Administrari laguntzailearen lanpostuan ordezkapenak egiteko zerrendan sartzeko, bete beharreko baldintzen artean daude Eskola-graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina) eta euskaraz jakitea. Lanpostuak D mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du.