Sakanako Garapen Agentziak Sakanako Plan Estrategikoan jasotako hainbat jarduera aurrera eramateko proiektu kudeaketa arduraduna kontratatu nahi du. Arduradun horren egitekoen artean daude, batetik, maila askotariko Ikerketa eta Garapenaren inguruko programa, ekimen eta dirulaguntzen inguruko informazioa jasotzea, aztertzea eta zabaltzea. Bestetik, enpresen arteko elkarlana sustatzea arlo askotan (berrikuntza, merkaturatzea, nazioartera ateratzea, inter-ekintzailetza…). Aldi berean, askotariko proiektuak kudeatu beharko ditu, ibarra garatu eta enpresen posizionamendu estrategikoa hobetzeko. Horrekin batera, berrikuntza teknologikoarekin, I+D+T-rekin eta teknologia-transferentziarekin harremana duten beste zerbitzu batzuk lantzea. Eta, azkenik, proiektu estrategikoak identifikatu, sustatu eta kudeatzea, Europa mailakoak batez ere.
Deialdira aurkezteko unibertsitate ikasketak behar dira, euskara eta ingelesa jakitea eta gidabaimena eta autoa izatea. Garapen agentziak lanaldi osoa eskaintzen du eta 28.173,34 euroko soldata gordina. Kontratuak 29 hilabeteko iraupena izanen du, luzatzeko aukera egonen litzateke proposatutako helburuak beteta. Aurreneko bost hilabeteetan langilea probaldian egonen litzateke. Jarritako helburua litzateke Europa mailako proiektu bat lortzea kontratu epearen barruan.