Zurrumurruen kontrako material berria

Guaixe 2019ko abe. 2a, 12:41

Bego Zestau Baraibar lehen lerroan, erdian, zerbitzuko laguntzailez inguratuta

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, “elkarbizitza baikorrari” azpijana egiten dioten zurrumurruen kontrako tresna berriak sortu eta sakandarren eskura jarri ditu.

Urteko balorazioa egiteko bere lanean lagundu duten pertsonez inguratu zen Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak asteartean. Mank-eko Lakuntzako egoitzako batzar gelan izan ziren gizarte zerbitzuetakoak, irakasleak, guraso elkarteetakoak, Sakana Harrera Haranakoak, zerbitzuko batzordekoak, jubilatu elkarteetakoak, jatorri anitzeko pertsonak eta zerbitzuan parte hartzen duen jende aktiboa. Anitzarteaneko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek esan zuen “urtea oparoa eta emankorra” izan zela. Haiek emandako laguntzagatik eskerrak eman zituen, “zuek gabe bestela zerbitzuak ez bailuke egindako guztia eginen”. Zestauk gogorarazi zuenez, “herritarren proposamenak dira zerbitzuak aurrera eramaten dituenak, proposatzailearekin elkarlanean”. 

Mank-eko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua duela 11 urte sortu zen Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bati esker. Krisialdiarekin laguntza desagertu zen, baina ibarreko erakundeak zerbitzuari eutsi egin zion. Eta aurten foru administrazioaren dirulaguntzak zerbitzura bueltatu dira, zehazki, Bakea, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarena. Haren bidez munduko arrozen errezeta liburua, liburutegien bidez banatu diren liburu-markagailuak, elkarlaneko partxisa eta zurrumurruen kontrako sei panel. “Jendeak eskatu ditzakeen baliabideak dira”. 

Zestauk azaldu digunez, “aurten zurrumurruen inguruko sentsibilizazio kanpaina sakona egin dugu, gero eta gehiagora doazela nabari dugulako. Gero eta barneratuagoak daudela. Egiten duen kaltea konpontzea oso zaila da. Horrek elkarbizitzari ez dio laguntzen: bestearekiko mesfidantza, ezagutza falta, neurri batean beldurra ere sortzen dute. Zerbitzuak bilatzen du sakandarren arteko elkarbizitza ahalik eta baikorren izatea”. Zurrumurruak desmuntatzeko aurten “hamaika proposamen” atera ditu aurten zerbitzuak. Zurrumurru jasari, baloreak aterki leloa zabaldu dute. Baloreak zerbitzuaren logotipoan agertzen diren lauak dira: aniztasuna, errespetua, diskriminaziorik eza eta berdintasuna. 

Elkarlaneko partxisa 
Asteartean aurkeztu zen mahai jolas ez-lehiakorra da eta elkarlana sustatzen duena. Ohiko partxisaren forma du, baina jokalari bakoitzaren irteera puntua besterik ez dago markatuta. Ez dago babes laukirik. Anitzartearen logotipoaren lau koloreak ditu, kolore bakoitzak balio bat adierazten du. Zestauk azaldu digunez, “inork ez du inor ez jaten ez kaleratzen. Ez da harresirik, ez mugarik, ez trabarik. Fitxak aurrera edo atzera mugitu daitezke. Helburua baita kolore desberdinetako fitxak lauki berean bat egitea”. Izan ere, topo egiten dutenean laukira iritsi den azkenak 20 lauki eginen ditu aurrera eta han zegoenak 10. “Fitxen edo baloreen topaketari esker, jokalari guztiek aurrera egiten dute, irabazten dute”. 

Taula guztiari buelta eman eta gero etxera sartzerakoan Baloreen batura, zurrumurruen haustura leloa opatuko dute. “Hori gauzatu dadin kolore bakoitzak lau zurrumurru izanen ditu. Haietako bat esan behar du eta jokalariek zurrumurrua desegiteko hausnartu egin beharko dute”. Fitxan bertan hainbat pista izanen dira. “Zurrumurrua desegintzat ematen denean eta fitxa etxera sartzean jokoan dauden fitxa guztiak 10 lauki aurreratuko dituzte”. Elkarlaneko partxis jokoak ibarreko gizarte zerbitzuetan eta hainbat ikastetxe, gaztetxoko, elkarte, ludoteka, jubilatu elkarte eta tabernatan banatuko dira. “Asmoa da esparru anitzeko jendearengana iristea”. Mank-ek mahai jolasa patentatu du. 

Telefono deia 
Nafarroako Gobernuko Migrazio Politikak eta Justizia Departamentutik Anitzartean kulturartekotasun zerbitzura hots egin zuten duela hiru aste. Eta zera esan zioten Zestauri: “elkarbizitzari dagokionez, Sakana Nafarroan erreferentzia da”. 

Erlazionatuak