Pirinioen bi aldeetan garapen jasangarria sustatu nahi duten mugaz gaindiko elkarlan proiektuei finantza laguntza ematen die Poctefa programak. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak (ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen izenean) Iparraldeko CIASekin, Centre Intercommunal d´Action Sociale Pays Basque, eta Euskadiko Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibarekin batera partzuergoa osatu, proiektua aurkeztu eta dirulaguntza jaso berri dute. Lauren artean “mugaz gaindiko landa guneetako eskualdeen zahartze aktibo eta osasungarri baterako soluzio berritzaileen diseinu eta inplementazioa” eginen dute. “Hau da, beharrezko zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzeko” proiektua landuko dute.
SGAko industria eta zerbitzu teknikari Odei Arregi Azpitartek azaldu digunez, Bertan: Sakanako Zahartze Aktiboaren Estrategia izena eman diote egitasmoari. Partzuergoak proiektua aurrera eramateko 761.124 euroko aurrekontua aurreikusi du, eta 29 hilabetetan garatuko da. Potecfaren bidez % 65eko dirulaguntza jasoko du partzuergoak. Arregik jakinarazi digunez, “beste %25 kofinantzaketa publikoarekin bateragarria da”. Lagundutako finantzatze gehigarri hori lortzeko, Arregi zahartze aktiboarekin zerikusia duen Nafarroako Gobernuko hainbat departamenturekin harremanetan ari da.
Bertan estrategia 2020an hasiko da gauzatzen. Arregik esan digunez, “aurreneko urtean, lehenik, metodologiak eta akzioak proposatu eta zehaztuko ditugu. Europako adibideak ezagutzeko aukera ere az dugu baztertu. Hortik lau ekintza pilotu aterako dira”. Lau horiek etxebizitza, garraio egokitu, etxez etxeko zaintza eta komunitate zaintza esparruekin erlazioa izanen dute. 2021ean jarriko dira ekimen horiek martxan.
Lau ekintza pilotu
Horietatik bi Sakanan eginen dira. Arbizuko Olatzea hotela zena etxebizitza esparruko baliabide bilakatuko da. Arregik azaldu digunez, “etxebizitzen gaiari zein konponbide eman diezaiokegun adinduen ikuspegitik. Oraindik bere kasa moldatzeko inolako arazorik ez duen pertsona baten profila zehaztu dute. Agian, bakarrik bizi da, edo herritik urruti, edo garai bateko etxe handi batean bizi da… Nola egin pertsona horrek bere espazioa izateko, baina komunitate baten barruan. Zeinak daukan hainbat zerbitzuetara sarbidea eta herri batean kokatuta dagoen”.
Sakanan ere ibar guztirako garraio egokituko egitasmo pilotua garatuko da. Nolabaiteko ezgaitasuna duten pertsonei erreparatu diote. “Egokitutako bi ibilgailu aurreikusten ditugu, ibarreko punta banatik abiatuko direnak, eta zerbitzua ematea pertsonak bizi diren toki guztietatik pasatuz”. Proiektuak aukera ematen duenez, ibilbideak hainbat fasetan probatuko dituztela jakinarazi du Arregik. “Jendearendako benetan erabilgarria eta benetan sinisten duen garraio bat jartzea” da helburua.
Euskadin komunitatea sortzearen inguruko proiektua landuko dute. “Zein garrantzitsua den pertsona asko bizi ez diren toki batean bertan dagoen apaiza, dendaria, tabernaria, botikaria edo dena delakoa. Ez da soilik zerbitzua ematen duen pertsona. Berak herria ezagutzen du, egunero jendearekin dago, badaki pertsona bat hiru egunetan ez bada azaldu agian zerbait pasa zaiola, pertsona batek lehengo gaitasunak ez dituela, lehengo higiene bera, erlazionatzeko arazoak ditu… Berari pauta batzuk emanez gero, eta jasotzen duen informazioa nola iragazi dezakeen erraztuz gero, gizarte zerbitzuetatik joaterakoan teknikariari izugarrizko laguntza emanen lioke”.
Zaintzen eta zaintzaileen inguruko arloa Iparraldean landuko dute. “Zaintzaileen figura hori profesionalizatzen eta beraienganako gizarteak duen irudia hobetzen zentratuko gara. Kanpotarrak ikusten ditugu lan horiek egiten, hemengoek ez dutelako lanpostu erakargarri gisa ikusten. Beste edozein lanpostu bezain duina da, eta erabat beharrezkoa. Hemengoak zergatik ez ditugu lan horiek egiten? Kanpokoei ere erraztasunak eman nahi dizkiegu arlo horretan treba daitezen eta arlo horretan lan duina lor dezaten. Bi alderdi horiek uztartu nahi ditugu eta horri buelta eman. Eta bide batez zerbitzu hori hobetzen, optimizatzen saiatu”.
Nondik dator guztia
Arregik azaldu digunez, “ibarrean 2016an egindako azterketa bati esker, Sakanaren ezaugarri geografiko eta demografikoengatik, SGAk zahartze aktiboa arlo estrategikoa zela identifikatu zuen”. Abiapuntu hori izanik, agentziako teknikariak osasunarekin (Josefina Arregi klinika esaterako) eta zahartzearekin harremana zuten Sakanako eragileekin bilera ugari egin zituen (jubilatu elkarteak, besteak beste).
Bestetik ibarrean dauden Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateak, Europako proiektu baten bidez, bi ikerketa martxan jarri zituzten: “Bat zen Sakanan hutsik zeuden lokal publikoak zein ziren eta zein bideragarritasun aukera zuten adinduen egoerei erantzuna emateko. Bestea, oso inportantea, ikerketa soziologikoa egina zutela, adinduak eta ez hain adinduen 5-10 urterako nahiak jasotzen zituena”. Proiektua garatzeko hiru mankomunitateek bat balira bezala funtzionatzea erabaki zuten. Hala, SGAk eta hiru mankomunitateek indarrak batu zituzten eta guztien artean definitu zuten Bertan, Sakanaren Zahartze Aktiboaren Estrategia. Azterketaren ondorioz ikusi zuten Sakanaren egituragatik kalitatezko zerbitzu jakin batzuk etxe batzuetara iristea zaila zela.
Zazpi talde sortu ziren eta bakoitzak lan ildo bana landu zuen. Beste herrietako esperientziak ere jaso zituzten. Baina guztiari finantza oinarria bilatu behar zitzaiola ikusi zuten, ezin zela borondatezko lanean oinarritu. Poctefa programaren berri jaso zuten eta mugaz gaindiko partzuergoa osatzeko bazkide bila hasi ziren. Bazkideak segituan opatu zituzten. Hala ere, denek ez dute abiapuntu bera, Sakanak lanak aurreratuak baititu.
Teknikariak azaldu digunez, “proiektuak hasieratik izan du Nafarroako Gobernuaren babesa, Nafarroaren Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (3S) erabat lerrokatzen baita”. Arregik argitu digunez, “estrategia horrek hainbat lan ildo biltzen ditu”. Bertan estrategia proiektua egokitu eta horrela lortu zuten Europako Poctefa mugaz gaindiko deialdira aurkeztea apirilean.
SGAko langileak proiektuaren “erabateko izaera soziala eta zeharkakotasuna” azpimarratu ditu. Aurreratu duenez, egitasmoa behar bezala definitzeko hainbat jarduera eginen dira heldu den urtean. “Oso garrantzitsua izanen da sakandarren parte-hartzea. Horrela, eginen diren ekintzak pertsonen errealitatera egokituak egonen dira”. Arregik nabarmendu duenez, “proiektuak muga geografikoak gainditzen ditu. Izan ere, Bertan estrategiaren misioa zahartze aktiboa eta osasuntsuaren arloan landa-eremuetarako zerbitzuak inplementatzeko eta hobetzeko metodologia bat sortzea da, etorkizunean Nafarroan eta munduko edozein lekutara estrapolatu ahal izanen dena”.
Sakanako sustatzaileak
Guztia aurrera eramateko osatutako partzuergoan ibarreko proiektu burua SGA da. Agentzia eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea (ibarreko hiruen izenean) bazkideak dira. Egitasmoko bazkide elkartuak dira Arbizuko Udala, Sasoiak (Irurtzungo Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea) eta Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomia eta Garapenaren Agentzia. Bostek osatzen dute Nafarroako ordezkaritza egitasmoa. Partzuergoko gainontzeko kideek ere halako egitura dute atzetik.