Burundako mandazainei eskainitako liburua

Guaixe 2019ko aza. 29a, 11:01
Nicolas Arbizu Gabirondo Bernoako galtzadan.

Nicolas Arbizu Gabirondok idatzi du “Burundako mandazainak” liburua, larunbatean, 12:00etan, udaletxean aurkeztuko du. Aurretik, Bernoako galtzadara bisita eginen diote.

Duen indar eta erresistentziagatik mandoak garraiobide gisa erabili ziren. Merkantziaz kargatutako mandoz osatutako ilarekin batera joaten ziren mandazainak, merkatariak. Burundan lanbide horrek aparteko oihartzuna izan zuen. Horren arrastoa dira Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen dauden San Anton kofradiak, XVII. mende akaberan mandazainek sortuak. Euren bidaietan mandazainek Lizarraldea eta kostaldea lotzen zituzten. Estatuko hainbat hiritaraino ere iritsi ziren mandazain horiek. Eta bakarren bat Caracasen bukatu omen zuen. 

Haien berri jaso du Nicolas Arbizu Gabirondok, Iturmendiko ikerlariak, Burundako Mandazainak liburuan. Haren aurkezpena egiteko egitaraua 10:00etan hasiko da: Iturmendiko plazatik Bernoako galtzada bisitatzera joanen dira. 12:00etan, udaletxean, liburuaren aurkezpena eginen da eta hura despeditzean auzatea izanen da.