Palestinari elkartasuna adierazteko deialdia

Guaixe 2019ko aza. 29a, 12:14
Gazte palestinarrak Altsasun bisitan izan ziren garilean.

Gaur, 18:00etan, Baratzekobide plazan, nazioarteko elkartasun egunarekin bat eginez. Palestinatik bertatik sustatutako Israelekiko Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpainari nabarmenduko dute.

Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) Euskal Herriak eta Askapena erakunde internazionalistak Palestinarekiko elkartasun eguna antolatu dute Euskal Herria-Palestina, bi herri, borroka bakarra lelopean. Eta munduan barna zabaldua dagoen “Israelen kolonizazioari, apartheidari eta okupazioari erantzuna emateko Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ)” gogoraraziko dute. Izan ere, Beasaingo CAF tren konpainiak Saphir eraikuntza enpresarekin batera Jerusalemgo tranbia egiteko lanak eskuratu ditu 1.800 milioi euroren truke. Lantegiko enpresa batzordea kontratu horren kontra dago: “Palestinako lurretan legez kanpo eraikitako Israelgo koloniak lotzeko erabiliko da tranbia. Agintariek okupazio hori legezkotu eta iraunkortu nahi dute, biztanleei normalizatutako azpiegiturak eskainita. CAF ez da trenbide sistema huts baten hornitzailea izango: Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista ere izango da”.

Egitaraua Arbizuko eta Zestoako alkateen adierazpenarekin abiatuko da Baratzekobide plazan, 18:00etan. Bi herriak Palestinako beste udalerriekin senidetuta daude, Arbizu Mardarekin eta Zestoa Bir Zeitekin. Adierazpenaren ondoren, herri palestinarraren omenez aurreskua dantzatuko da plazan bertan dagoen olibondoaren ondoan. 18:30ean, tren makinaren ondoan, palestinarrek bizi duten okupazioa nolakoa den azaltzen duen antzezpena izanen da. Hura bukatzean, tren makina eta olibondoa lotzeko giza-katea eginen da, 19:00etan. Despeditzeko, 19:30ean, Kukuerreka elkartean auzatea izanen da.