Jarain-en jendaurreko aurkezpena

Guaixe 2019ko aza. 29a, 09:09
Jendea Irurtzungo Amaia kalean.

Emakumezkoen kontrako indarkeria sufritzen dutenei zuzenduta dago, baina prebentzio tresna ere izan nahi du. Altsasuko Iortia Kultur gunean aurkeztuko dute abenduaren 11n, 18:00etan. 

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean sortu dute Jarain tresna (askatu, Burundako euskaran), www.jarain.app web gunea eta telefono mugikorretarako aplikazioa dena. Tresnak bi helburu ditu. Aurrena, indarkeria sufritu duten edo sufritzen ari diren emakumeendako informazioa, aholkularitza eta baliabideak eskuragarri jartzea; informazio hori emakume guztiei iristen zaiela bermatuz. Eta atzena, indarkeria matxistaren kontrako prebentzio eta sentsibilizazioa lantzea. Guztia klik edo dei bakarrarekin eskuratu daiteke. 

Idoia Goikoetxea Gomez Altsasuko berdintasun teknikariak azaldu digunez, “lan-aurkezpena” izanen da abenduaren 11koa. Saioaz honako argibideak eman ditu: “indarkeria zer den azalduko dugu, nora jo, jarreren zergatia… Jarain aitzakia hartuta indarkeriari buruzko lan saio bat izanen da”. Aldi berean, tresna telefono mugikorretan deskargatzera eta erabiltzera gonbidatu du. Lan saio horrekin despedituko da Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dela eta antolatutako egitaraua. 

Egitaraua 
Azaroaren 28tik 29ra 
Baratze kritikoa erakusketa Etxarri Aranazko plazako estalopean. 

Azaroak 29, ostirala 
17:00etatik 20:30era Neskak eta emakumezkoak ahalduntzeko autodefentsa feminista tailerra, Emaginek emana. Etxarri Aranazko kultur etxean.

Azaroak 30, larunbata 
17:30ean “Libre zu, libre ni” mikromusikala. Musas y fusas. Lakuntzako Kultur Etxean.
Libre zu, libre ni, mikromusikal baten formatua daukan ikuskizuna da, non gizartean aurkitu ditzakegun hainbat egoera zein jarrera matxisten islada aurkezten da. 

19:30ean “Volar” (Bertha Gaztelumendi, 2017, Euskal Herria) filma eta ondorengo foruma. Inma Mata dokumentaleko protagonistetako batekin solasaldia.
Sinopsia: Genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumek asteburu bat pasa dute elkarrekin, landan, euren  egunerokotasunetik urrun. Adin eta zeregin desberdinak dituzte baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan gabe. Biolentziazko infernu horri aurre egiteko kuraiak batzen ditu baita pairatutako sufrimenduari zentzu bat eman nahi izateak ere. Eta euren bizi-esperientzia eskaintzen diete beste emakumeei eta gizarteari.

Abenduak 11, asteazkena 
18:00etan, Jarain.app! Indarkeria matxistarik gabeko Sakana aplikazioaren lan saio publikoa. Altsasuko Iortia Kultur gunean.