Etxe guztietara iritsiko den gida

Guaixe 2019ko abe. 2a, 13:15
Sakanako gida buzoietan sartuta. Artxiboa.

Sakanako Gida ibarreko 8.500 etxebizitzetara iritsiko da hurrengo bi asteetan. Sakanako zerbitzuen eta establezimenduen eskaintza zabal eta ugariaren berri jasotzen du gidak, bai paperean, bai web bidez.

Guaixe fundazioak seigarren urtez Sakanako Gida argitaratu du, ibarreko denden, zerbitzuen, enpresen eta autonomoen informazio osatua eta eguneratuarekin. Sakanako eskaintzaren erakusleiho da gida bera. Gauzak erosteko nora jo jakiteko. Produkturen bat edo zerbitzuren bat non eskatu jakin ahal izateko. Azken finean, Sakanako Gidak informazio praktikoa, egunerokoan baliagarria zaigun informazio hori ematen du. 

Sakanako Gidan tokiko merkataritzaren aldarrikapena ere bada. Han agertzen diren zerbitzu eta establezimenduak bizirik dagoen ibarreko ekonomiaren lagina dira. Eta haiek zabalik egoteak esan nahi du gure herrietako kaleetan jendea dabilela, bertan kontsumitzen duela, herriak bizitza dutela.  

Etxean eta uneoro gainean 
Aurki hasiko da Sakanako Gidaren etxez etxeko banaketa. Etxeetara banatuko den paperezko bertsioa uneoro kontsultatzeko aukera izanen da web orriaren bidez. Han sartzen denak establezimenduak gremioka, herrika edo bilatzailearen bidez opatzeko aukera izanen du. Interneten, gainera, establezimendu bakoitzak bere orria du eta han helbidea, telefonoa, e-posta eta haren web orriaren berri dago. Mapa batean haren kokapenaren berri ematen da ere. 




Guaixe fundazioak ekimen horretaz aparte, ibarreko ekonomia dinamizatzeko BeleixeGuaixe txartela indarrean du 2012az geroztik. Fundazioaren babesle direnek (50 euro urtean) txartela jasoko dute eta harekin ibarreko hainbat establezimenduetan abantailak lortzeko aukera izanen dute. Azken batean, Sakanan erosiz ibarra egin, lanpostuak mantentzen lagundu eta Sakana bizi baten alde egiten da.

Harremanetarako

Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo orain Interneteko bertsioan sartu nahi dutenek 948 564 275 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus e-posta helbidera idatz dezakete.