Iker Uribe lakuntzarrak muralak margotzen ditu, eta ilustrazioak egitea gustatzen zaio. Joana Ziganda haur hezkuntzako irakaslea da eta haurrak oso ongi ezagutzen ditu. Biek batera Ni neu galtzeta ipuin ilustratua kaleratu zuten duela bi urte, eta esperientzia hainbeste gustatu zitzaienez, errepikatzea erabaki dute. Xaxardi ipuin ilustratuta kaleratu berri dute, eta Durangoko azokan aurkeztu dute. Saguganbara espazioan egonen dira abenduaren 5ean, ostegunean, 18:00etan. Gainera, ipuina Autoekoizpenaren plazan salmahaian egonen da salgai. Abenduaren 12an, ostegunean, 18:00etan, Irurtzungo liburutegiane ginen dute ipuinaren aurkezpena. Aurkezpen "bereziak" eta "politak" egiten dituztela esan dute artistek.
Bigarren ipuin bat argitaratzera animatu zarete. Nola sortu zen ideia?
I. Ni neu galtzetarekin salto bat eman genuen, et aasko gustatu zitzaigun. Hala ere, liburu bat autoekoiztea lan handia da.
J. Aurreko esperientzia positiboa izanda, argi genuen beste zer edo zer egin nahi genuela. Kasu honetan, bestaren kontrako prozesua egin dugu. Haur hezkuntzako irakaslea naizenez, hainbat egoera landu behar zirela ikusi nuen. Lehendabiziko mezua etorri zen. Eta hori lantzen joan ginen. Mezu hori transmititzeko pertsonaia behar genuen.
Eta sasi-ardiak agertu ziren?
J. Bai. Pertsonaia hori Xaxardi zen. Sasi-ardi arrazako ardi bat da. Ni ez naiz ardietan aditua, baina arraza hau Euskal Herriko autoktonoa da eta nahiko animalia errebeldea da; ez du artzainak esaten duena egiten. Tamainaz txikiagoa da, baina hezitzeko zaila da bere kabuz joaten delako. Bakarrik bizirauteko gai da. Eta nahi nuen perfila zuen. Noizbait sasi-ardiei buruz zerbait entzun nuen, eta bat-batean lotu nituen istorioa eta protagonista.
Zein da mezu hori?
J. Istorioak aurrera egin ahal mezu batzuk gehiago atera daitezke ipuinetik. Helburua norberaren indarra, iritzia eta ingurarekin kritikoa izatea da. Txikitan, nerabaezaroan, gaztaroan eta heldutasunean ere taldeak eramaten gaitu, eta taldeak garrantzitsuak dira izaki sozialak garelako, baina iritzi propioa izatea ere garrantzitsua da. Hori indartu nahi dugu ipuin honekin.
Xaxardi da protagonista, baina zein pertsonaia gehiago ateratzen dira?
I. Artaldeko sasi-ardiak: Ariko, Muturbeltz, Kixkur... Beraien artean tirabirak sortzen dira. Artzaia neskatua ere badago, Mailos deitzen dena. Ez da kasualitatea artzaina neska izatea. Mailosek ez du Xaxardirekin gora egiten.
J. Iuinak arrisku bat behar zuen, haurrei arriskuek beldurrei aurre egiten laguntzen dietelako, eta lantzeko oso delikatua izan den arrisku bat dago: hartza agertzen da ere. Bizikidetza hori adierazteko lan handia egin dugu. Hartza arriskutsu bezala ateratzen da, baina izaki dotore eta garratzitsu bat bezala ere.
Nola landu dituzu pertsonaiak?
I. Dokumentazio lana egin dut eta animaliak nolakoak diren begiratu dut. Sasi-ardiaren eta ardi latxaren arteko desberdintasunak ez dira hain nabarmenak. Sasi-ardia arinagoa eta meheagoa da, gorritxoagoa ere bada. Lepo luzegoak dituzte. Bereziki pertsonaiei eman dizkiet pertsonalitatea. Pertsonaia bakoitza landu dut, eta desberdinak dira. Hartzarekin bueltatxo batzuk eman genituen. Hartzak beldurra ematea nahi nuen, baina beste aldea ere ikusten da.
Ipuinaren gainean egin dituzu marrazkiak, ez?
I. Oraingoan horrela izan da, bai. Baina hartu eman bat egoten da ere bion artean. Luxu bat da Joanaren testuak lantzea. Haurraren ikuspuntua oso argi dauka. Sentsibilitate berezia du. Eta oraingoan, gainera, testu lanketa handia dago.
J. Nik mandatu bakarra esan nion: Xaxardik zerbait izan behar zuen; errebeldea izan behar zuen, desberdina.
Testuan narrazioak eta bertsoak uztartu dituze, ez?
J. Xaxardik bertsotan hitz egiten du, orduan, koplak ateratzen direnean berak hitz egiten du.