DYAk berarekin elkarlanean aritu direnei aitortza egin die

Guaixe 2019ko aza. 30a, 19:31

Sakanako DYAk 35 urte bete ditu eta urte horietan berarekin lanean aritu diren erakundeei aitortza egin nahi izan die. Horretarako, Nafarroako DYAren eguna baliatu dute, Altsasun ospatu dena. 

Nafarroako DYAk bere eguna urtero eskualde batean ospatzen du. Aurten Sakanan izan da, DYAk ibarrean 35 urte bete dituela baliatuta. Eta aukera hori baliatu nahi izan dute ibilbide horretan beraiei laguntza eman dieten erakundeei esker ona azaltzeko. Aitortza jaso dutenen artean daude Etxarri Aranazko Udala (aurreneko egoitza), Altsasuko Udala (egungo egoitza), Aralar Mendi elkartea (Artzain Egunean 35 urtez egon da DYA), Aralar eta Burunda txirrindulari taldeak (lasterketetako osasun arreta DYAren esku uzteagatik) eta Sakana kooperatibari (11 urtetan bi anbulantzia oparitzeagatik). Aipamen berezia egin zioten Jose Antonio Sesma zenari. Hainbat urtetan boluntario izandakoaren senideek hartu zuten oroigarria. 

Azkenik, DYAn 20 eta 21 urte boluntario egin dutenei erakundearen zilarrezko domina eman zieten: Mariano Fortun Moral, Lidia Gonzalez Latorre, Constantino Gonzalez Urkizu, Alfredo Berasategi Berrocal, Ruben Liroz Azkona, Maria Liroz Azkona, Fermín Liroz Imaz, Eduardo Octavio De la Fuente, Enekoitz Berrueta Mañas eta Victor Gonzalez Barrutia. 

Historia, labur 
Bi ziordiarrek, Fernando Fustek eta Juan Jose Calvok, sortu zuten DYA Sakanan. Erakundearen ibarreko aurreneko egoitza Etxarri Aranazko udaletxearen atzeko aldean egon zen, garai bateko espetxea zen tokian. Gero medikuaren etxea edo musika eskola izan ziren eraikinera aldatu ziren. Gregorio Arostegi etxarriarrak emandakoa izan zen Sakanako DYAk izan zuen aurreneko anbulantzia, Sinca 1200 bat. Oinarri horiekin hasi zen DYA Sakanan zerbitzua ematen. Eguneroko lanarekin Sakanako DYAra gero eta boluntario gehiago batu ziren eta horrela hainbat larrialdi egoeratan DYAkoek osasun zerbitzua eskaini zuten. Udalek emandako diruarekin furgoi bat erosiko zuen gero DYAk. 

Erakundeak Etxarri Aranaztik Altsasura lekualdatu zuen egoitza. Bakea kaleko egungo egoitzan 10 urte egin ditu Sakanako DYAk. Aurretik Navarro Villoslada eskola izandako eraikinean izan zen. Gaur egun 20 bat sakandar dira elkarteko boluntario (40 izatera iritsi da) eta elkarteko burua Alfredo Zelaia bakaikuarra da. 2007ko lastailetik Sakanako DYAk bi anbulantzia ditu. Eta horiei oinarrizko babesa emateko beste ibilgailua gehitu behar zaie. Suhiltzaileen eta Sakanan osasun garraiorako administrazio baimena duen Baztan-Bidasoa enpresaren ondoren lanean jartzen dira DYAko anbulantziak, beti ere, Nafarroako Larrialdi Agentziarekin koordinatuta. Sakanan antolatzen diren hainbat kirol ekitaldi eta ospakizunetan presente izaten dira DYAko boluntarioak, baita Larraungo eta Arabako Lautadako batzuetan ere.