Nafarroako ereserkia, Nafarroako egunean

Guaixe 2019ko abe. 1a, 11:59
Valtierrako Virgen de la Nieva abesbatza Olaztiko kultur etxean egongo da. UTZITAKOA

Urtero bezala, abenduaren 3an, bihar, Nafarroako abesbatzek kontzertuak eskainiko dituzte herrialdeko hainbat herritan, tartean Sakanako herrietan

Nafarroako eguna izanen da bihar, abenduaren 3an, eta Nafarroako Gobernuak herrialdearen eguna ospatzeko abesbatzen kontzertuak antolatu ditu hainbat herritan. Sakanako abesbatzek ere parte hartuko dute emanaldi bateratu honetan. Izan ere, nahiz eta abesbatza bakoitzeak leku batean abestu, guztiek batera Nafarroako ereserkia kantatuko dute 13:00etan. Harekin hasiko dituzte kontzertuak. 

Etxarri Aranazko Abesbatzak, Gasteizen ETBren maratoiaren atzo kontzertua eskaini ondoren, Burlatako elizan egongo da; Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatza Sakanan geldituko da eta Arruazuko Jasokunde elizan egingo du kontzertua.

Sakanako hainbat herrik ere izango dute Nafarroako abesbatzen bisita: Irurtzungo San Martin elizan Iruñeko Francisco de Asis abesbatza egongo da, Lakuntzako kultur etxean Iruñeko Oberena abesbatza izango da, eta Altsasuko Iortia kultur gunean Valtierrako Virgen de la Nieva abesbatzak egingo du kontzertua. Amaitzeko, Olaztiko kultur etxean Iruñeko Ipar Doñua abesbatza egongo da. Kontzertuak 13:00etan hasiko dira, Irurtzungoa izan ezik, 12:45ean aurreikusi dutela, mezaren ondoren. Abesbatzek ohiko errepertorioa eskainiko dute Nafarroako ereserkia abestu ondoren.