Pilota

Jakak eta Zabaletak txapelketako buruan jarraitzen dute

Guaixe 2019ko abe. 9a, 12:23

Binakako Txapelketako 3. jardunaldian partida ikusgarria eskaini zuten pilotari sakandarrek Labriten. Ezkurdiak eta Martijak garaipena izan zuten eskura (19 eta 16), baina Lasok eta Zabaletak sufritzen jakin zuten eta azken txanpan iraztea lortu zuten (20 eta 22)

Larunbatean Iruñeko Labrit atzera ere txiki geratu zen. Goi mailako partida ikustea espero zuten bertan bildu ziren zaleek eta pilotariek ez zuten huts egin: Ezkurdia eta Martija, batetik, eta Laso eta Zabaleta bestetik. Hiru pilotari sakandarrak ikustera sakandar mordoa hurbildu zen: gehienak, akaso, Ezkurdiaren eta Martijaren alde, eta beste asko Zabaletaren eta Jakaren alde. 

Partida oso gogorra eta gorabeheratsua izan zen. Hasieran Zabaletari ez zitzaion eroso ikusi. Ezkurdia eta Martija dominatzen hasi ziren eta markagailuan aurreratu ziren, Jakak eta Zabaletak zazpina berdindu arte. Hortik aurrera bi bikoak paretsu ibili ziren. Jakak txapa izan zuen arerio –bost tanto joan zizkion txapara– eta hainbat akats egin zituen, baita Ezkurdiak ere. Arbizuarra atzeko koadroetara jaitsi zen Martijari pilota kendu eta laguntzera, arriskatu zuen eta Jarekin hainbat leia galdu zituen. Zabaletak sekulako pilotakadak jo zituen baina Martijak ongi erantzun zuen; soilik akats pare bat egin zituen Etxeberrikoak, eta 3, aldiz, Etxarrengoak. 

Lehia geroz eta gehiago gogortzen joan zen. Hamabinako berdinketaren ondotik Ezkurdia eta Martija hasi ziren aldea ateratzen, euren zaleen gozamenerako. 16 eta 13 eta 19 eta 15 aurreratu ziren. Baina Jakak eta Zabaletak sufritzen jakin izan zuten, defentsa ona egin zuten, eta tanto oso gogor eta luzeetan Jakak egoerari buelta ematen asmatu zuen. Jakak lau tanto egin zituen segidan eta 19na berdindu zuten Lizartzakoak eta Etxarrengoak. Labriteko zaleak, bitartean, goi mailako partidaz gozatzen ari ziren. Ezkurdiak bi akats egin zituen ondoren, eta 19 eta 21 aurreratu ziren Jaka eta Zabaleta. Tanto bat lortuta, 20 eta 21 gerturatu ziren sakandarrak. Baina Jakak eta Zabaletak ez zuten azkeneko tantoan huts egin eta 20 eta 22 irabazita, euren hirugarren garaipena lortu zuten, hirutik hiru. Aldiz, Ezkurdiari eta Martijari azken unean egin zien ihes garaipenak, aurreko partidan bezala. 

Sailkapena
Hiru jardunaldi jokatuta, sailkapenean Jaka-Zabaleta dira liderrak, 3 punturekin. Artola-Imaz bigarrenak dira (3 puntu), eta puntu bana dute gainontzeko biko guztiek: Laso-Albisu, Ezkurdia-Martija, Altuna III.a-Ladis Galarza, Oinatz-Mariezkurrena II.a, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Irribarria-Rezusta. Estu dago oraindik txapelketa baina final-laurdenetako hasierako ligaxka honetan oraindik 11 jardunaldi dituzte aurretik. 

4. jardunaldiak dakarrena
Binakako Txapelketako 4. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Ostiralean, Urretxun, Ezkurdiak eta Martijak Oinatz Bengoetxea eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari (ETB1). Larunbatean, Labriten, Olaizola II.a-Urrutikoetxea Altuna III.a-Ladis Galarzaren kontra ariko dira (ETB1), eta igandean, Eibarko Astelenan, Jakak eta Zabaletak Laso eta Albisu izango dituzte arerio (ETB1). Bukatzeko, astelehenean, Tolosako Beotibarren, Irribarria-Rezusta Artola-Imazen kontra ariko dira.