Sexismorik gabeko irla helburu

Guaixe 2019ko abe. 9a, 13:22

'Itsaspeko bihotzak' erakusketa izanen da hilaren 19ra arte Iortia kultur gunean. 12an, ostegunean, familiendako bisita gidatua eginen da eta izena emateko epea gaur bukatzen da

Haur literaturaren bidez hezkidetza lantzeko aretoa bihurtu da Iortia kultur guneko erakusketa gela. Galtzagorri elkarteak sortu du Itsaspeko bihotzak erakusketa eta haur literaturaren, ilustrazioen, musikaren, ikus-entzunezkoen eta artisautza piezen bitartez, besteak beste, estereotipoak, etxeko eta zaintza lanak eta mito erromantikoak lantzen ditu. Ibilibideak bost geldialdi ditu, eta helmuga sexismorik gabeko irla da. Helburua genero berdintasunean sentsibilizatu eta, aldi berean, euskarazko irakurzaletasuna sustatzea da. 

Abenduaren 12an, ostegunean, familiendako erakusketa interaktibotik bisita gidatua antolatu dute eta gaur amaitzen da izena emateko eguna: berdintasuna@sakana-mank.eus edo euskara@sakana-mank.eus helbide elektronikotara mezu bat bidali behar da. Itsaspeko bihotzak abenduaren 19ra arte zabalik egongo da Iortia kultur guneko erakusketa gelan, eta ikastetxeetarako bisita gidatuak egingo dituzte ere. 

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Euskara zerbitzuek eta Altsasuko Udaleko Berdintasun zerbitzuak antolatu dute erakusketa-ibilbidea.