Futbola

Lagun Arteak, Etxarrik eta Altsasuk ligako 12. jardunaldia dute jokoan

Guaixe 2019ko abe. 12a, 13:21
Etxarrik Aibares taldea hartu zuen San Donaton

Ligako 11. jardunaldian Lagun Arteak irabazi zuen, Etxarri Aranatzek berdindu eta Altsasuk galdu

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean preferente eta erregional mailako 11. jardunaldia jokatu zuten gure taldeek. Preferente mailan jardunaldi dezentea izan zuten gure taldeek, Lagun Arteak San Jorgeri 2 eta 3 irabazi ziolako eta Etxarri Aranatzek eta Aibaresek husna berdindu zutelako. Erregional mailan, aldiz, Altsasuri 2 eta 1 irabazi zion Beti Kozkorrek. 

Preferente mailan, San Jorgek eta Lagun Arteak Sanduzelain jokatutako partida nahiko nahasia izan zen. Bi taldeak parez pare ibili ziren, baina San Jorge aurreratu egin zen. Arbitroak Laguneko Xabi Bakaikoa kaleratu zuen, eta gauzak zaildu egin zitzaizkion Lagun Arteari. San Jorgek bigarrena sartu zuen, baina lakuntzarrek ez zuten etsi eta Unai Bakaikoak sartutako bi golei esker bina berdintzea lortu zuten, eta 68. minutuan Unai Zubiriak garaipenaren gola sartu zuen. Horrela, 2 eta 3 irabazita itzuli ziren lakuntzarrak. 

Etxarri Aranatzek, bestalde, Aibares taldea hartu zuen San Donato zelaian. Etxarri Aranatzek dominatu zuen partida ia guztian barna, nahiz eta 24. minututik aurrera jokalari bat gutxiagorekin geratu, arbitroak Aristo aldageletara bidali eta gero. Hala ere, egoera berrira egokitu zen Etxarri eta hainbat gol aukera sortu zituen. Bigarren zatian, Etxarri Aibares estutzen saiatu zen, baina Oibarkoek ongi eutsi zuten. Aibares bi jokalari gutxiagorekin geratu zen, baina hala ere bi taldeek ongi defendatu zuten eta, azkenean, partida husnako berdinketarekin despeditu zen. 

Lagun Artea bosgarrena eta Etxarri hamalaugarrena
Preferente mailako lehen multzoan Beti Casedanok jarraitzen du lider (20 puntu). Lagun Artea bosgarrena da (18 puntu) eta Etxarri Aranatz 14.a (11 puntu). Asteburuan, 10 punturekin 15.a den Ardoi B taldearen kontra jokatuko du Etxarrik Zizurren, arerio zuzenen arteko gaia, hain zuzen ere. Lagun Arteak, aldiz, etxean jokatuko du, Lakuntzan, 18 punturekin sailkapenean laugarrena den Mutilberaren kontra. Hau ere arerio zuzenen arteko lehia da, eta sailkapeneko postua dago jokoan. 

Altsasu hamargarrena
Erregional mailan, garaipen mingarria jaso zuen Altsasuk Lekunberriko Beti Kozkorren kontra Lekunberrin jokatutako partidan. Partida oso lehiatua izan zen, baina lehen zatian Beti Kozkor partidan sartuagoa egon zen eta 26 minuturako bi gol sartu zituzten Lekunberrikoek. Altsasuk ez zuen etsi eta lehen zatiko azken minutuan Patxik gol ikusgarria sartu zuen, Altsasu partidan sartu zuena. Baina bigarren zatian ez zen markagailuan mugimendu gehiagorik egon eta 2 eta 1 galdu zuten altsasuarrek. 

Erregional mailako 2. multzoko sailkapenean Universidad de Navarra da lider berria (28 puntu) eta Altsasu 10.a da (10 puntu). Asteburuan sailkapenean bosgarrena den Zizur taldearen kontra jokatuko du Altsasuk Zizurren.