Pilota

Ezkurdiak eta Martijak materiala aukeratu zuten atzo

Guaixe 2019ko abe. 12a, 09:20

Ezkurdiak aitortu zuen azkenaldian “pilota gutxixeagoa” dabilela. Gaur, goizeko 11:00etan, Jaka-Zabaletak eta Laso-Albisuk aukeratuko dute materiala, Astelenan

Binakako Pilota Txapelketako 4. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Bihar, ostiralean, Urretxun, Ezkurdiak eta Martijak Bengoetxea eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari (22:00, ETB1) eta atzo material aukeraketa egin zuten. Bi bikoteak gustura geratu ziren pilotekin, baina Joseba Ezkurdiak Garako kazetariari onartu zion azkenaldian “pilota gutxixeagoa” dabilela. “Dudarik gabe, txapelketa hasiera honetan material gutxi dabil. Niri aukeraketetan gustatzen ari zaizkit, baina gero partida hasi, aurreneko tantoa jokatu eta bigarrenerako ezer ez dira; inoiz baino azkarrago gastatzen ari dira pilotak. Txispa segituan joaten zaie eta pena da, ze aukeraketa egunean gustatzen zaizkit” azaldu du Gara egunkarian aurrelari arbizuarrak. Jakina, horrek bere jokoari ez diola batere mesede egiten aitortu zuen, eta aurreko jardunaldian, Labriten, pilota horiekin erritmoa jartzea “zaila” izan zela aipatu zuen. 

Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak igandean jokatuko dute, Lasoren eta Albisuren kontra (17:00, ETB1). Gaur aukeratuko dute materiala, ostegunean, goizeko 11:00etan, Eibarko Astelenan.