Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) eta gehiengo sindikala duen LAB sindikatuko ordezkariek lan hitzarmen berria astelehenean sinatu zuten. NIEtik jakinarazi dutenez, lan hitzarmena 2019. urteari dagokio. “2008-2010 eperako izenpetu zen azken Lan Hitzarmena Nafarroako ikastoletarako. Bederatzi urte igaro dira, beraz, ikastolek Lan Hitzarmen berri bat edukitzeko. Horregatik, aldeek izenpetutako hitzarmenak balio berezia du”. Hitzarmenak Nafarroako 15 ikastolei eragiten die, Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza barne. 732 langile dituzte ikastolek eta 6.361 ikasle, Sakanan 99 eta 751.
NIEko ordezkariek azaldu dutenez, “hitzarmenak maiatzean sinatutako Lan Akordioan hitzartutako puntuak biltzeaz aparte, atal nagusiak eguneratu eta berritu dira. Hitzarmenak langileentzat hobekuntzak biltzen ditu”. Gainera, ikastola guztietan berdintasun planak bultzatzeko konpromisoa ere martxan jarri dute. “Jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz ikastoletan gelak itxi beharko balira, ikastolek borondate irmoa dute, orain arte egin bezala, lanpostuei eusteko, eta hitzarmenean xede horretarako lan batzorde berezi bat osatzea ere aurreikusi da”.
Elkarteko buruek nabarmendu dutenez, “ikastolen eginkizunean eta xedean zehazten den moduan, irakasleek eta langileek osaturiko lan taldea gakoa da Ikastolen hezkuntza proiektuaren erronkak aurrera ateratzeko, eta haiendako lan baldintzarik onenak nahi dituzte ikastolek”. Lan Hitzarmenak “ikastolek heldu diren urteetan izanen dituzten erronkei lan baldintzarik egokienetan erantzun ahal izateko” tresna izanen da.