Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak emandako datuen arabera, Europako Nekazaritza Politika Bateratura (NPB) ibarrean deklaratutakoen % 77,26 abereendako bazkarako ereindakoak izan dira. 5.587,9 hektarea horien barruan daude alpapa, larre iraunkorrak, zuhaixkadun eta zuhaizdun larreak, espezie pratensen sail mistoak eta raygrasa.
NPBra sakandarrek aitortutakoen artean hurrengo azalera handiena duena beste baso erabilerak da % 8,45 (611,21 hektarea). Azalera handiak hartu dituzten laboreen artean daude artoa (% 6,98 eta 504,97 hektarea), gari biguna (% 2,12 eta 153,69 hektarea), garagarra (% 1,48 eta 107,22 hektarea) eta oloa (% 1,18 eta 85,17 hektarea). Europako diru-laguntzetarako Sakanan aitortutako gainontzeko azalerak tamaina txikikoak dira eta % 2,53 besterik ez dute hartzen, 182,57 hektarea. Tartean daude: gereziondoa, txipuak, oskoldun fruituak, ilarra, baba, baratza, sagarrondoa, zalke eta olo nahasketa, intxaurrondoa, olibondoa, nekazaritza edo baso ez diren beste erabilerak, beste fruta arbolak, patata, sorgoa, txandakatze motzeko baso azalerak, baso azalera zurgaiak eta ardotarako mahastia.
Bazka-laboreak
NPBrako ibarrean aitortutako azaleratik ia bostik lau aberei jaten emateko da. Zatirik handiena bost urte edo gehiago dituzten larre iraunkorrek hartzen dute (% 63,61 eta 4.600,81 hektarea). Azaleraren tamainari erreparatuta honakoa da segida: raygrasa (% 5,91 eta 427 hektarea), bost urte baino gutxiago dituzten larreak (% 2,28 eta 164,65), zuhaixkak dituzten larreak (%1,75 eta 126,6 hektarea) eta espezie pratenseen sail mistoak (% 1,6 eta 115,72 hektarea). Gainontzeko bazka-laboreak ez dira % 1era iristen alpapa, zuhaixkak dituzten larreak eta beste.
Herrika
NPBrako Sakanan aitortutako %30,1 Arakilgoa da. % 10eko muga gainditzen duten herriak dira Ergoiena (% 14,99) eta Uharte Arakil ( 12,79). % 5aren gainetik daude Etxarri Aranatz (% 8,2) eta Altsasu (% 6,02). Urdiainek Sakanan deklaratutakoaren % 4,34 du. Eta segidan heldu dira Arbizu (% 3,76), Olatzagutia (% 3,54), Ziordia (% 2,87), Irañeta (% 2,84), Lakuntza (% 2,69), Arruazu (% 2,42), Iturmendi (% 2,28), Bakaiku (% 2,2) eta Irurtzun (% 0,88).