Gipuzkoako arropa Aralurren botata

Guaixe 2019ko abe. 13a, 14:56
Arropa metak aurri egoeran dagoen Aralur lantegian. Argazkiak: utzitakoak.

Ziordiko Udalak salaketa jarri ondoren Foruzaingoa Gipuzkoako enpresa bat ikertzen ari da. Kamioikada bete arropa hamar bat alditan hustu omen zuen aurri egoeran dagoen lantegian. Sakanako Mankomunitatetik arropa horrekin zerikusirik ez duela eta hondakin horren kudeaketa egokia egiten dutela nabarmendu du.

Irailaren erdialdean jakin zuten, baina ez dakite noiz hasi ziren. Ziordiarrek Aralur enpresa zeneko orubean arropa meta bat ikusi zuten. Udala jakinaren gainean jarri zuten eta hark Foruzaingoa. Berriki arropaz kargatutako kamioia berriro Aralurren deskargatzen ikusi zuen ziordiar batek. Kamioiaren matrikularen berri udalari eman eta hark Foruzainengana jo zuen. Gipuzkoara bueltan zihoan kamioia Etxegarateko portua iritsi baino lehen geldiarazi zuten foruzainek. Kamioia Gipuzkoako enpresa batena da eta haren kontra legez kanpoko isuriagatik salaketa jarri dute. 

Aralurdik pasa eta arropa metak han botata ikustean jendearen kexak zabaldu dira hondakin horren kudeaketa txarragatik. Sakanako Mankomunitateko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek argi eta garbi utzi nahi izan du Ziordian agertutako arropa ez dela Sakanakoa, Gipuzkoakoa baizik. “Sakanan arroparen kudeaketa egokia egiten dugu. Egia da Humana fundazioa Nafarroatik alde egitean egoera berezian gelditu garela, herrietan zeuden arropa biltzeko 25 edukiontziak kendu dituzte. Mankomunitatean konponbide jasangarria lortzeko lanean ari gara”. 

2025 
Urte horretatik aurrera arropa bereizturik biltzea derrigorrezkoa izanen da. Teknikaria gogorarazi du  “arropa banatuta kudeatzea oso garrantzitsua” dela. Gardek nabarmendu digunez, “arropa ez bada banatzen zabortegian lurperatzen da, eta horrek ondorio negatiboak ditu, alde batetik, ingurumenean, besteak beste negutegi efektu gas emisioak sortzen dituelako. Eta, bestetik, gure ekonomiari eragiten digu, zabortegian zenbat eta hondakin gehiagok bukatu hondakindegiaren kudeaketa tasa handitu eginen delako. Eta zerga hori guztion artean pagatzen dugu”. 

Hiru aukera 
Arropa hori birziklatzeko katean sartzeko Mank-ek gaur egun hiru aukera eskaintzen ditu: Arbizuko hondakindegira eramatea, astegunetan, 07:30etatik 15:00ak arte (google maps-en "Arbizuko Zabortegia" bezala agertzen da); arropa poltsa txiki bat bada garbigune mugikorrera eraman daiteke eta, bestela, arropa etxean jasotzea nahi duenak 900 730 450 doako telefonora hots egin dezake.