Euskaraldia betean geunden duela urte bat. Horregatik, 2018ko txapak armairutik atera eta berriro janzteko dei egin dute. Belarriprest eta ahobizi hitzak ekarri zizkigun Euskaraldiak joan den urtean. Jarrera bat adierazten dute. Belarriprest rola hartzen dutenek ziurtatzen dute eurek euskara ulertzen dutela eta, horregatik, besteei euskaraz egin diezaioten eskatzen dute. Gero, agian, gaztelaniaz erantzunen du, baina Belarripresten jarrerak elkarrizketa elebidunak bermatzen ditu. Hau da, euskara gehiago hitz egitea.
Ahobizi rola hartzen dutenek, berriz, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz eginen dute, uneoro. Gainera, ezagutzen ez dituzten pertsonekin topo egitean aurreneko hitzak euskaraz hitz eginen ditu, euskarazko elkarrizketei bide emateko.
Hitz berria
Euskaraldia gure hiztegia beste hitz batekin berritu du: arigunea, “euskaraz aritzeko gunea”. Horrela, euskararen erabilera handitzeko egindako aurreneko ariketa sozialean sumatutako gabezia bati erantzuna eman nahi zaio: entitateen parte hartze falta. Hurrengo urtean edozein entitatek parte hartu ahalko du Euskaraldian. Arigune izateko aukera izanen du. Entitate horietako kideek erabakiko dute belarriprest edo ahobizi izan eta Euskaraldiak iraunen dituen 15 egunetan euskararen erabilera handitzeko ariketa modu kolektiboan eginen dute euren arigunean, dela administrazio publikoak, gizarte eragilea, enpresa, kultur edo kirol elkarte.
Bi motako ariguneak egonen dira. Batetik, barne-ariguneak. Entitate barruan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Izan daitezke udal bateko zerbitzu bateko langileak, enpresa bateko ekipo edo sail bat, elkarteko zuzendaritzakoak… Barne-arigunea izatea ez du entitateak erabakiko, baizik eta hura osatzen duten pertsonek. Borondatez, modu kolektiboan, euren arteko hizkuntz-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostu duten pertsonak izanen dira. Barne-arigunea izateko gutxienez kideen % 80 ados egin behar du. Gainera, kide bakoitzak erabakiko du belarriprest edo ahobizi izan.
Kanpo-ariguneak ere izanen dira entitateetan. Horiek herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute. Horrela, entitate horretara joaten diren pertsonak uneoro euskaraz artatuak izateko bermea izanen dute. Esaterako, administrazioko leihatiletako batean, hipermerkatu bateko kutxetako batean, telefono bidezko arreta zerbitzuetan, tabernetan edota dendetan beti belarriprest bat edo ahobizi bat jarriz.
Entitateak, izena ematera
Harremanetan euskararen erabilera handitu nahi duten entitateek izena eman beharko dute Euskaraldian. Horretarako, hori bai, aurrena euren entitatean arigunea izan daitezkeen taldeak identifikatu beharko dituzte. Arduradunek eta ariguneko kideek ariketa egitea adostu beharko dute eta hori egin ondoren eman daiteke izena. Izen emateko epea hilabete honetan zabaldu da eta heldu den urteko garilera arte egonen da zabalik. Jakina, hizkuntza-ohituren aldaketa eta ariketa bera gauzatzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu entitateak 2020ko azaroaren 20an Euskaraldia hasi aurretik.
Egon daiteke entitateren bat Euskaraldian parte hartu nahi baina baldintzak betetzen ez dituztenak. Antolakuntzatik bi proposamen egin dizkiete. Aurrena, Euskaraldiaren datozen edizioetara begira aurrera-pausoak ematea. Eta, atzena, entitate barruan belarriprest eta ahobizi gisa Euskaraldian parte hartuko duten kideen ariketa babestu eta sustatzea.