Nicolas Arbizu Gabirondok Burundako mandazainak liburua aurkeztu zuen azaroaren 30ean. Egun euritsua izan zen aurkezpenekoa. Ateri mantendu zen une bakarra Bernoako galtzada bisitatzera joandakoa izan zen. Udan berreskuratutako zatia bertatik bertara ezagutu zuten 25 bat pertsonak. Ondoren, udaletxeko ganboikoan egindako aurkezpenean 70 pertsona elkartu ziren, Sakanako hainbat herrietakoak. Mandazainen ogibidearen berri eman nahi du Arbizuk liburuarekin: “merkantziak batetik bestera mugitzen zituzten haiek hori baino zerbait gehiago badirelako”. Guztia bost ataletan banatuta eman du.
Gaur egun materialak eta merkataritzako produktuak batetik bestera errepidez, trenbidez edo airez garraiatzen dira. Baina ez da beti horrela izan. Trena lehenik, eta furgoneta eta kamioiak ondoren, Sakanan agertu aurretik salgaiak batetik bestera abereen gainean edo abereek tiratutako gurditan eramaten ziren. Arbizuk liburuan azaldu duenez, populazioaren hazkundeak nekazaritzak, abeltzaintzak eta artisau-ogibideak denendako ez ematea ekarri zuen. Beste ogibideak beharrezkoak ziren. Horri ibarraren mendebaldearen, Burundaren geografia-kokapena gehitzen badiogu, merkataritza gune garrantzitsu baten sorrera ematen du, zeren Arabaren, Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean muga bat zegoen, bere aduana, mugazain, zerga eta bestelakoekin. Eta mandazainak ugaritu egin ziren.
Aletzen
Arbizuk liburuan batera eta bestera aritzen ziren gizon haien janzkeraren eta jatekoen berri ematen du. Baita erabiltzen zituzten abereena ere. Horrekin batera, bidelapurrei aurre-egiteko zer defentsa eramaten zituzten azaltzen du. Uda partean aritzen ziren batez ere. Barrualdetik kostaldera lekaleak, olioa eta ardoa eramaten zituzten eta bueltan kakaoa, kafea, espezieak, kafea, oihalak eta beste ekartzen zituzten. Horretarako, bideak behar zituzten, galtzadak. Haiek non zeuden eta nola egiten eta mantentzen ziren azaldu du iturmendiarrak liburuan. Bide bazterrean zerga etxeak, bentak eta ostatuak kokatu zirela ere argitzen du. Mandazainek dirua egin zuten, batzuek asko (herri batzuetako ardoaren monopolioa zuten, hiriburuetan bitartekari ziren…). Eta horren lekuko dira Burundako herrietan dauden etxe puskak eta haietan dauden armarriak (haiek jartzeko zer egin behar zen ere azaldu du Arbizuk). Arrakasta izan zuten merkatari haietako batzuen berri emanen duen liburua ere buruan du iturmendiarrak.
Mandazainek talde izaera ere bazuten, eta horren lekuko dira San Anton kofradiak. Haien berri jasoa dago liburuan. Mandazainak elkarrekin agintarien aurrean kexa bat baino gehiago aurkeztutakoak dira, zergak direla, edo galtzaden egoera dela eta, esaterako. Halakoen berri ematen du, baita bidelapur, heriotza eta bestelakoen berri. Hainbat gehigarri ere baditu liburuak, horien artean, mandazainen ibilbideak Burundan eta Etxarri Aranatzen zein ziren azaltzen duen mapa bat.
Ele bitan
Liburua gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu du eta 400 egin ditu. Haietakoren bat eskuratu nahi duenak Etxarri Aranazko Kaxeta eta Altsasuko Arkatz liburu-dendetatik pasa beharko du.
Esker ona
Arbizuk liburua ontzen lagundu dioten guztiei esker ona azaldu zien: Migel Angel Sagasetari “bere ekarpen interesgarriengatik; Rafael Carasatorre “eskualdeko historialaria da eta artxiboko lan handia egin du, liburua egiteko asko baliatu dudana”; Angel Garcia-Sanz Markotegi Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, “eskualdean ogibide hori ikertzen lehena izan zen, tesia Sakanari buruz egin zuen eta liburuaren hitzaurrea idatzi du”; Maite Iparragirre eta Sakanako Mankomunitateko Itzulpen Zerbitzuari; Bingen Galartza, “galtzaden berri ematen duen maparengatik”; Altsasuko Kooperatibari, “liburua argitaratzeko egindako ekarpenagatik”; iturmendiar adinduak, “euren jakintza guztia eman didatelako. Jose Gabirondoz, Marta Hernandezez asko gogoratzen naiz”, Mariano Galartza urdiaindarra, “bere herriko galtzada arduraz berreskuratzeagatik, eta beste herrietakoak gauza bera egitera animatzeagatik”, Paki Urbitarte Cabrera Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikariari liburua aurkezteko eguna antolatzeagatik eta Iturmendiko Udalari emandako erraztasunengatik.
Bernoako galtzadan lanean. Artxiboa.
Boluntarioak udan
De Amicitia gobernuz kanpoko erakundearen bidez, bosgarren urtez atzerriko gazteak Bernoako galtzada azaleratzeko auzolandegian egon dira udan. Alemania, Austria, Bielorrusia, Frantzia, Mexiko, Somalia, Txekiar Errepublika eta Turkiako 12 gazte izan dira, 16 eta 32 urte artekoak. Haiekin batera bi begirale etorri ziren eta langintzara iturmendiar gazteak batu zaizkie. Maugiako bidegurutze ingurua eta Sebastian Fernandez de Lezeta koronela, Dospelos, eta bere erregimentuko 126 gizonak 1822an fusilatu zituzten tokiaren artean aritu ziren lanean; 700 bat metro azaleratu zituzten. Horretarako, galtzada gainean zeuden landareak kendu eta galtzadako harriak agerian utzi behar izan zituzten. Galtzadaren arrastorik gelditzen ez zen tokian hura berregin zuten.
Arbizuk aitortu duenez, “Bernoako galtzada 3 km dira. Luzerako lana dago. Edo aurrekontu bat prestatzen da eta makinak sartzen dira, zeren, bestela, lana eskuz egitea oso zaila da”.