Palestinarendako lurra, justizia eta askatasuna

Guaixe 2019ko abe. 12a, 20:17
Palestinaren aldeko ekitaldia alkateen adierazpenarekin hasi zen.

Horiexek eskatu zituzten Palestinaren aldeko nazioarteko elkartasun egunean, azaroaren 29an, Altsasun egindako ekitaldian. CAF enpresari Jerusalemgo tranbia egiteko lortu duen kontratua bertan behera uztea eskatu zuten.

Altsasuko Baratzekobide plazako ekialdeko muturrean 10 urte egin ditu olibondo batek; Askapenaren Internazionalista egunean Palestinarekin elkartasunez landatu zen. Belardiaren beste aldean dago Sakanako Mankomunitatearen tren lokomotora, 9 urte daramana jarrita. Azken horren aurrean egin ziren Palestinaren aldeko nazioarteko elkartasun eguneko ibarreko ekitaldiak. Herrialde hartako Marda herriarekin 2005az geroztik dago Arbizu senidetuta eta bertako alkate Francisco Javier Razkin Floresek, Rubiok, hartu zuen hitza. Gogoratu zuen senidetu zirela “beraien buruaren jabe izan nahi dute bi herriren arteko elkartasuna adierazteko eta, herri gisa, dagozkigun eskubideak borrokatzen jarraitzeko”. Horregatik, lurra, justizia eta askatasuna aldarrikatu zituen. 

Rubiok salatu zuenez, senidetu direnez geroztik “Israelgo Estatuak palestinar herriaren kontra ezartzen duen apartheid-a okerrera baino ez du egin”. Arbizuko alkateak israeldarrek egiten dituzten “etengabeko lurren lapurretak, legez kanpoko kokaguneen handitzea eta Israelgo Estatuaren inpunitate ukigabea” salatu zituen. Rubiok gogorarazi zuen 2005ean palestinarrek nazioarteari eskatu ziotela “okupazioarekin aberasten diren Israelgo Estatua eta nazioarteko enpresak boikotatu, desinbertitu eta zigortu (BDZ kanpaina) ditzala, palestinarren giza eskubideak errespetatu arte: okupazioarekin bukatzea, eskubide berdintasuna ziurtatzea eta palestinar errefuxiatuen itzulera baimentzea. 

BDZ
Kanpaina horrekin Euskal Herriko hainbat erakundek, sindikatuk, alderdi politikok eta pertsonek bat egin zuten 2012an, “herri palestinarraren giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituzten instituzio eta enpresekin harremanak etetea eskatuz”. Arbizuko Udalak BDZ kanpainaren aldeko jarrera berretsi zuen eta erakunde, enpresa eta abarrei BDZ kanpainarekin bat egiteko deia egin zieten. 

Aldi berean, Palestinaren aldeko nazioarteko elkartasun egunean Goierriko CAF enpresari dei zuzena egin zioten: “Okupatutako Ekialdeko Jerusalem eta Zisjordaniako legez kanpoko koloniak lotuko lituzkeen tranbia eraikitzeko eskuratu duen kontratua bertan bera utzi. Nazioarteko legedia urratzen duen legez kanpoko proiektu horrek CAF enpresa pixka bat gehiago aberastu lezake, baina dudarik gabe, herri gisa pobretuko gaitu”. Ekitaldia plazako lokomotorra eta olibondoa giza kate baten bidez lotuz despeditu zuten.