Ziklo-krosa

Urdiaingo Ziklo-Krosa bihar jokatuko da

Guaixe 2019ko abe. 13a, 13:57

Bihar, larunbatean, goizeko 11:00etan kadeteen proba izango da eta 12:00etan juniorrena. Burunda Txirrindularitza Klubak antolatu du proba, Benigno Mendia “Kani” Memoriala izango dena, eta Urdiaingo futbol zelaia ardatz izango duena

Aspaldiko partez ziklo-kros proba bat hartuko du Sakanak. Burunda Txirrindularitza Taldea izan da pausua aurrera ematera animatu dena eta bihar, larunbatean, Urdiaingo Ziklo-Krosa-Benigno Mendia “Kani” Memoriala izango da jokatuko dena. Garai batean ziklo-krosean ibiltzen zen Benigno Mendia zena, eta berari esker makina bat lasterketa antolatu ziren Urdiainen, Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketa tartean. Bada, berriro ere kirol ikusgarri honetaz gozatzeko aukera izango da Urdiainen. Aitziber futbol zelaia ardatz hartuta, ibilbide polita prestatu du antolakuntzak eta kadeteak izango dira goiztiarrenak, goizeko 11:00etan abiatuko baitira. Eguerdian juniorren proba hasiko da eta gauzak ongi, 13:00etan Aitziber elkarte parean sari-ematea hastea aurreikusten du antolakuntzak. 

Guztia prestatzen buru-belarri ari dira Burunda klubekoak. “Azkeneko xehetasunekin gabiltza. Pikete guztiak jarrita, ostiralean azken errepasoa egingo dugu eta larunbataren zain gaude” azaldu digu Burundako Gorka Mintegik. Ostiralera bitartean euria iragartzen zuen eguraldi iragarpenak eta larunbaterako, aldiz, ez dute euria aurreikusten. “Lokatz nahikoa egongo da, eta txirrindulariak pasa ahala, gero eta lokatz handiagoa. Baina hori ez da arazoa, hori baita txirrindulariei gustatzen zaiena” gaineratu du Mintegik. 

Ibilbidea, futbol zelaia ardatz
2 km pasatxoko zirkuitua prestatu dute Burundakoek. Lasterketa Bentan hasiko da, Urdiain behealdean, eta tropela frontoiraino igo ondoren, ezkerrera egin eta Aitziber futbol zelaira sartuko da. Hango larreetan itzuliren bat eman ondoren, gora egin eta Kamiozar kaletik herrira sartu eta parkeraino iritsiko dira; partzelarian aurrera egin eta, larreetan sartu eta behera eginez, atzera ere futbol zelai parera agertuko dira txirrindulariak. Beheraino jarraituko dute eta Sagardia kaletik Urdiaingo sarrerako kalera agertuko dira; Frontoi parean egongo da helmuga. “Denetatik du zirkuituak: asfaltoa, belarra eta pista. Futbol zelaiaren atzealde horretan dago zirkuituko eremurik gehiena; bertatik ia dena ikusten da. Futbol zelaian enborrak jarri ditugu, txirrindulariek salto egin dezaten, eta futbol zelaian gora behera ibiliko dira txirrindulariak. Ikusteko lasterketa polita izango da” gaineratu du Burundakoak. 

Duela hiru urte Burundako txirrindulari batzuk ziklo-krosean aritzen hasi ziren, eta aurten proba antolatzea erabaki zuten. “Badakizu, gauza batek bestera eramaten du eta lasterketa antolatu dugu. Errudun nagusienak Pedro Iparragirre eta Jesus Mari Mazkiaran dira. Baietz, ezetz, ezetz, baietz... eta azkenean hemen gaude. Zergatik Urdiainen? Bada, Urdiainen txirrindularitzarekiko zaletasuna dagoelako eta egun ziklo-krosean bi urdiaindar ari direlako. Kontuan hartu behar da ere, Benigno Mendia, “Kani”, Sakanan ziklo-krosean ibili zen aurrenetarikoa izan zela, eta polita iruditu zitzaigun berari aitortza bat egitea” aitortu digu Mintegik. 

Kadeteak eta juniorrak
Urdiaingoa kadeteen eta juniorren lasterketa izango da. “Lasterketa antolatzen dugun lehenengo urtea da hau, eta horregatik bi kategoria hauekin hasi gara, ez ditugu eliteak eta masterrak sartu. Hasteko nahikoa dugu. Gero ikusiko dugu beste pausu bat aurrera emango dugun ala ez” dio Mintegik. Pena da Urdiaingo lasterketak Valentzian jokatuko den Espainiako Ziklo-kros Koparako baliagarria den lasterketarekin bat egitea. “Hainbat txirrindulari bertara joango dira, Sakana Group-Aralarko Igor Arrieta eta Aimar Tadeo artean, eta pena ematen digu. Baina ziklo-kroseko egutegia nahiko estua da, eta ezin da ezer egin. Beraiek kenduta, gainontzeko sakandarrak ariko dira: Burundako gure 5 txirrindulariak, Iker Mintegi, Oihan Etxeberria, Jon Chamorro, Mikel Uncilla eta Mikel Regil; Sakana Groupeko Aritz Oiarbide eta Jon Erdozia eta Nafarroa Ermitagañako Nahia Imaz” aipatu du Gorka Mintegik. Mintegik azaldu digunez, Burunda eta Aralarko txirrindulariak ziklo-krosean elkarrekin entrenatzen hasi dira, asteazkenero, Dantzalekun. “Denak batera entrenatzen hasi dira, eta giro oso polita dute. Ziklo-krosa kirol oso gogorra da, eguraldiaren arabera gogorragoa, baina gustura ibiltzen dira”. 

Halako proba bat antolatzeak badu lana. Ibilbideko larreetako lur jabeei baimena eskatu, ibilbidea piketeekin markatu, gurutzeak egin… eta abar luze bat. “Lana du, baina antolatzeko jendea baldin badago, aurrera ateratzen da. Ildo honetan, Urdiaingo herriari eta laguntzaile eta kolaboratzaile guztiei eskertu nahi genieke, eurek gabe ezingo genukeelako proba antolatu” adierazi du Burundako ordezkariak. Urdiaingo sarrera soilik lasterketa irteeretan itxiko dute, lasterketa Beheko Bentatik antolatuko delako. Ondoren, proba gauzatzen den bitartean, herrira igotzeko eta jaisteko karril bat zabalik utziko dute. Urdiainera bertaratzen direnei herria errespetatzeko eta edozein tokitan ez aparkatzeko eskaria egin diete. 

Kadeteek ordu erdiko lasterketa dute aurretik, goizeko 11:00etan aterata, eta junior mailakoek 40 minutukoa, 12:00etan aterata. Bukaeran, sari ematea Aitziber elkarte ondoan egingo dute, 13:00ak inguruan. Proba ikusteko tokirik egokiena futbol zelaia da, bertan txirrindulariek salto egin dezaten enborrak daudelako eta gertu bizikleta aldatzeko boxa. “Sakanako jendeari animatzen diogu larunbatean Urdiainera gerturatzea, ziklo-krosa zuzenean ikusteko kirol oso polita delako” gonbidatu du Mintegik.