Pilota

Ezkurdia-Martijaren bigarren garaipena eta Jaka-Zabaletaren lehen porrota

Guaixe 2019ko abe. 16a, 10:49

Arbizuarrak eta etxeberrriarrak 21 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea-Mariezkurrenari ostiralean Urretxun jokatutako partida ikusgarrian eta Jakak eta Zabaletak tanto eskas batengatik galdu zuten Laso-Albisuren kontra atzo Eibarren

Binakako Pilota Txapelketako 4. jardunaldia gaur despedituko da. Ostiralean, Santa Luzia festan murgildua zegoen Urretxun partida ikusgarria eskaini zuten Ezkurdia-Martijak eta Bengoetxea-Mariezkurrenak. Bikain ibili ziren bi bikoak, parez-pare. Martijak bikain erantzun zien Mariezkurrenaren pilotakadei, ez zuen akatsik egin eta gutxika atzean gailentzen hasi zen. Aurrean Oinatz Bengoetxeak egun ona zuen eta aurrean bazterrak nahasten hasi zen, txokoak endredatzen, baina Ezkurdiak ongi eutsi zuen. 13-ren berdinketaren ondoren, akatsak pilatzen hasi zen Berriozarko atzelaria, baina Oinatzek tanto ederrak egin zituen eta Baikoko pilotariek eutsi egin zuten. Bengoetxearen arriskuaz jabetuta, Ezkurdia gehiago sartu zen partidan, eta Martija bikainaren laguntzarekin, sakandarrek pausua eman zuten aurrera; horrela, Ezkurdiak agintea hartu, bolearekin eta abiadurarekin mina egiten hasi eta, azkenean, 19 eta 22 irabazi zuten arbizuarrak eta etxeberriarrak, merezita, txapelketako 2. puntua bilduz. 

Bestalde, atzo Eibarren Jakak eta Zabaletak Laso eta Albisu izan zituzten aurkari. Ez zen partida ona izan, laurak hotz hasi eta akats potoloak egin baitzituzten. Albisu izan zen lauren artean onena. Azkenean, 21era berdintzea lortu zuten Jakak eta Zabaletak, eta azken tantoak erabaki zuen jokoan zegoen puntua. Lasok txokora egindako errematea ezin izan zuten behar bezala erantzun, eta 21 eta 22 galdu zuten Jakak eta Zabaletak, eta txapelketako lehen porrota jasan zuten. 

Hala ere, txapelketan buruan jarraitzen dute Jakak eta Zabaletak, 3 punturekin. Puntu berberak dituzte Artolak eta Imazek, baina gaur, astelehenean, Tolosan, Irribarria eta Rezusta izanen dituzte aurkari 4. jardunaldiko azken jaialdian (16:30), eta berdinketa hori apurtu daiteke. Bina puntu dituzte Ezkurdia-Martijak, Laso-Albisuk eta Altuna-Ladis Galarzak eta bana Bengoetxea-Mariezkurrenak, Irribarria-Rezustak eta Olaizola-Urrutikoetxeak. 

5. jardunaldiak dakarrena
Binakako Pilota Txapelketako 5. jardunaldian, ostiralean, Irunen, Jakak eta Zabaletak Olaizola II.a-Urrutikoetxea izanen dituzte aurkari (20:00etan, ETB1). Larunbatean, Lekeition, Irribarria-Rezusta Bengoetxea VI.-Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira (18:00, ETB1), eta igandean, Arrasaten, Ezkurdiak eta Martijak Artola eta Imaz izanen dituzte aurkari (17:00, ETB1). 5. jardunaldia bukatzeko, asteazkenean, Pazko egunean, Altuna III.a eta Ladis Galarza Lasoren eta Albisuren kontra ariko dira Eibarko Astelenan (17:00, ETB1).