Futbola

Preferentean jardunaldi borobila: Lagun Arteak eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2019ko abe. 16a, 12:08
Lagun Arteak 2 eta 0 irabazi zion Mutilberari.

Preferente maila. 12. jardunaldia: Lagun Artea 2 – Mutilbera 0 / Ardoi B 2 – Etxarri Aranatz 3

Aspaldiko partez, preferente mailako jardunaldia borobila izan da bertan dabiltzan bi talde sakandarrendako. Atzo Lagun Arteak Mutilbera taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Lehen zatian bi taldeak parez pare ibili ziren; ongi defendatu zuten eta kontrako taldeari ez zizkieten aukerak erraztu. Horrela, husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Lagun Arteak erritmoa bizkortu zuen eta Yonathan Davilak sartutako golarekin aurreratu ziren lakuntzarrak. Eta penaltiz sartu zuen bigarrena Unai Zubiriak. Mutilbera saiatu zen, baina Lagunek 2 eta 0 irabazita despeditu zen partida. 

Etxarri Aranatzek, aldiz, Zizurren jokatu zuen, Ardoi B taldearen kontra. Bi taldeek partida entretenigarria eskaini zuten eta parez pare ibili ziren biak. Ardoi aurreratu zen, baina bigarren zatian bikain erantzun zuen Etxarrik; erasoan hasi ziren etxarriarrak, eta, horrela, Geovannyk bi gol sartu zituen jarraian. Ardoik nahikoa lan izan zuen Etxarriren erasoez defendatzen. Arbitroak Etxarriko Xabier aldageletara bidali zuen, eta partida bukatzear zegoela berdinketaren gola sartzea lortu zuten Zizurkoek. Baina azken minutuan Ardoikoen akats bat primeran aprobetxatu zuen Etxarrik eta Unaik garaipenaren gola sartu zuen. 

Preferente mailako lehen multzoko lider berria Arrotxapea da (22 puntu), Beti Casedano bigarrenari puntu bat aterata (21 puntu). Puntu berberak ditu hirugarren postura igo den Lagun Arteak (21 puntu). Eta Etxarri Aranatz 13. postura igo da (14 puntu). Beraz, sailkapena oso estua da. Hurrengo jardunaldian 14 punturekin sailkapenean 10. den Amigoren kontra ariko da Lagun Artea, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean bigarrena den Beti Casedano hartuko du. Bi talde sakandarrek irabaziz gero, mesede ederra egingo liekete elkarri.