Ziklo-krosa

Mikel Uncilla eta Nahia Imaz Urdiainen txapeldun

Guaixe 2019ko abe. 16a, 15:48

Txirrindulari sakandarrek Urdiaingo Ziklo-krosa-Benigno Mendia “Kani” Memoriala irabazi zuten kadeteen mailan. Juniorren mailan Adrian Losarcos eta Edurne Izkue gailendu ziren

Eguraldi iragarpenak iragarri moduan, bezperetan sekulako euria egin eta gero, larunbatean lehor eta eguzkitsu esnatu zen. Horrela, primerako eguraldiarekin jokatu zen Burunda Txirrindularitza Taldeak hainbat babesle eta laguntzailerekin antolatutako I. Urdiaingo Ziklo-krosa-Benigno Mendia “Kani” Memoriala. Burundak antolatutako lehenengo ziklo-kros lasterketa zenez –aurretik Urdiainen eta Sakanan izan dira ziklo-kros probak, baina ez Burundak antolatutakoak–, aurten soilik kadeteen eta juniorren mailako lasterketa antolatzera animatu ziren burundarrak, eta guztira 80 txirrindulari inguruk hartu zuten parte. Proba jarraitzera ikusle ugari animatu ziren eta giro oso polita egon zen Urdiainen. 

Goiztiarrenak kadete mailakoak izan ziren. Urdiaingo Bentatik atera, eta Aitziber futbol zelaia ardatza hartuta ibilbide ederra izan zuten aurretik. Txirrindularien pasen ondoren, ibilbidea geroz eta lokaztuago eta konplikatuago bilakatu zen, baina faboritoak sakandarrak ziren eta ez zuten huts egin. Gizonezkoetan Burundako Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncilla Aldasoro izan zen txapeldun handia (28:38) eta emakumezkoetan Nafarroa-Ermitagaña taldean dabilen Nahia Imaz Perez altsasuarra (25:54). Uncillak 24 segundo atera zizkion Goierriko Kirol Elkarteko Gari Ugarteri (29:02) eta El Proex taldeko Gorka Corres izan zen hirugarrena (29:33). Quesos Albeniz taldeko Mikel Regil 11.a sailkatu zen (31:40). Nahia Imaz, aldiz, erraz gailendu zen. Altsasuarrak minutu bat eta 6 segundo atera zizkion Arabarrak taldeko Amaia Lopez de Uralderi (27:00) eta Seguros Bilbao taldeko Nahia Arana hirugarrena sailkatu zen (28:11). 

Juniorrak eguerdian abiatu ziren, eta hauen kasuan askoz ere estuagoa izan zen lasterketa. El Caserio-Valsay taldeko Adrian Losarcosek eta Electroalavesa-Etorki taldeko Unai Unzagak lehia oso estua izan zuten eta azkenean Losarcos gaiilendu zen (42:47), Unzagari 6 segundo aterata (42:53). Hirugarrena Gaursa taldeko Julen Aranzabal izan zen (43:16). Sakandarrei dagokienez, azkarrena Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi izan zen, 9. postuan (46:35). Sakana Group-Arlar taldeko Jon Erdozia 15.a iritsi zen helmugara (48:13), Quesos Albenizko Jon Chamorro urdiaindarra 17. (49:25) eta bere taldekide Oihan Etxeberria 24. (44:54). Eta emakumezkoetan Grupo Elektrako Edurne Izkuek irabazi zuen (44:52), Murias-Limousineko Lur Zufiriaren (45:15) eta Arabarrakeko Maite Anuncibairen (52:34) aurretik.