Txirrindularitza

Gaur Espainiako Vuelta aurkeztuko dute, Sakanatik pasako dena

Guaixe 2019ko abe. 17a, 13:00

Abuztuaren 19an jokatuko den Vueltako 5. etapa Urbasatik eta Aralarko San Migeletik pasako da

Gaur, asteartean, arratsaldeko zortzietan 2020ko Espainiako Vuelta aurkeztuko dute Madrilen. Aurkeztuko duten Vuelta orain arteko internazionalena izango da, Holandan, espainiar eta frantziar estatuetan eta Portugalen etapak izango baititu. Holandan, Utrecht hirian abiatuko da Espainiako Vuelta, abuztuaren 14an, eta irailaren 6an despedituko da, Madrilen. 

Espainiako Vuelta ere Nafarroatik pasako da, tartean Sakanatik. Abuztuaren 19an, asteazkenarekin jokatuko den 5. etapa Iruñean hasi, Lekunberrira helduko da eta Urbasatik eta Aralarko San Migeletik pasako da. Hurrengo eguneko 6l etapa Lodosatik abiatuko da. Gaur emango dituzte xehetasun guztiak. 

Gogoratu beharra dago 2014ko irailaren 3an Espainiako Vueltako 11. etapa Aralarko San Migel santutegian despeditu zela. Milaka pertsona bildu ziren Fabio Aruk irabazitako etapa ikusgarria jarraitzera, baina askoren jokabidea ez zen behar bezalakoa izan eta Uharte Arakilgo pista eta santutegiaren inguruak zaborrez beteta utzi zituzten. Egoera okertzeko, zaborrak garbitzeko lanak ez ziren berehala hasi eta horrek haserrea piztu zuen. Antolakuntzak emandako irudia ez zen batere ona izan, zaborrez beteta gelditu baitzen dena eta horren irudiak berehala hedatu ziren sare sozialetan. Asteazkenarekin jokatu zen etapa eta Unipublicen langileak 2 egun beranduago hasi ziren garbiketak egiten, ostiralarekin. Antolakuntzak hurrengo urterako finago ibili beharko du.