Ziklo-krosa

Valentziatik beste bi garaipen ekarri ditu Igor Arrietak

Guaixe 2019ko abe. 20a, 10:40

Sakana Group-Aralar taldeko uharte arakildarrak V. Ciutat de Xativa Trofeoa eta XXIII. Valentziako Nazioarteko Ziklo-krosa irabazi ditu junior mailan eta Espainiako Kopan hirugarrena sailkatu da. Kadete mailan, Aimar Tadeo 5. izan da Xativan eta 11.Valentzian, eta Espainiako Kopan hamargarrena

Asteburuan ziklo-kroseko bi proba garrantzitsu jokatu dira Valentzian: larunbatean V. Ciutat de Xativa Trofeoa eta igandean XXIII. Valentziako Nazioarteko Ziklo-krosa, azken hau Espainiako Ziklo-Kros koparako puntuagarria zen 6. eta azken proba. Bertan aritu dira Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra, junior mailan, eta Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarra, kadeteen mailan. Euren asmoa igandeko Valentziako proban aritzea zen, baina behin bertara jaitsita bezperan Xativakoan parte-hartzea erabaki zuten. Bi txirrindulariek lan bikaina egin dute, eta Igor Arrietak beste bi garaipen gehitu die azarotik hona ziklo-krosean zituen bost garaipenei. 7 ziklo-kros lasterketa jokatu ditu uhartearrak eta zazpiak irabazi ditu. 

Aimar Tadeo bosgarrena Xativan eta hamargarrena Kopan
Larunbatean Ciutat de Xativa trofeoan garaipen bikaina lortu zuen Arrietak junior mailan. Kadeteen mailan Pablo Calvo gailendu zen (23:37) eta Aimar Tadeo lakuntzarrak bosgarren postuan zeharkatu zuen helmuga (26:50). Eta hurrengo eguneko 23. Valentziako Nazioarteko Ziklo-kroserako entrenamendu bikaina egin zuten biek. Eta igandeko proba erabakigarrian ez zuten huts egin. Junior mailako lasterketan sekulako erakustaldia eman zuen Igor Arrietak (39:01) eta nagusitasunez gailendu zen Sanse-Rotor taldeko Ruben Sanchezen (39:59) eta Ekin S. Coopeko Aitzol Sasietaren (39:59) aurretik. Miguel Rodriguez (Club Ciclista Pontevedra) 7. postuan sartu zen baina aurreko probetan egindako lanari esker, berak irabazi zuen Espainiako junior mailako Ziklo-kros kopa, eta Arrieta hirugarrena sailkatu da. Igor Arrietak koparako baliagarriak ziren 6 probetatik hirutan aritu da eta hirurak irabazi ditu. 

Eta kadeteetan modu bikainean ondu zuen lana Aimar Tadeok. Izan ere, esprintean erabaki zen proba, 11 txirrindulari batera iritsi zirelako. Esprintean Coruxo taldeko Ricardo Martin Buba izan zen azkarrena eta probako txapelduna (29:16) eta Aimar esprintean sartu zen, denbora berean, 11. postuan. Espainiako Kopari dagokionez, txapelduna Valentziako lasterketan bigarrena sailkatu zen Moixent taldeko Pau Marti izan da, eta Aimar Tadeo 10.a sailkatu da. 

Asteburuan II. Iruñeko Ziklo-krosa jokatuko da Lezkairun. Kadeteen proba larunbatean jokatuko da, goizeko 10:00etan, juniorrena goizeko 10:40ean, masterrena 12:00etan, eta eliteena 12:50ean.